Ondarea denen eskuetara iristeko modukoa izan dadin
Ondarearen Jardunaldiak egiten ari dira asteburu hauetan. Aurtengo zehar-lerroa inklusibitatea da, eta ondarearen dibulgazioa normalean jasotzen ez dutenei zuzenduta dago egitaraua.
Ikasturte hasierarekin batera hasten dira, Europako Batasunean, ondare jardunaldiak. Bruselak zehar-lerro bat ezartzen du, eta aldundiek bere egiten dute ezarri duen gai hori.
Antola daitezkeen ekitaldien ardura, berriz, elkarte pribatuen zein udalen esku geratzen da. Hortik sortzen den egitaraua bere egiten dute aldundiek, eta zabalpena ematen diote. Aurtengo gaia inklusibitatea da.
Jon del Olmo Ondare Mahaiko zinegotzi arduradunak azaldu duenez, Europako Batasunak sustatu du jardunaldi horiek irisgarriak izatea, baina ez bakarrik mugikortasunari dagokionez; beste urritasun fisikoren bat zein normalean ondareari buruzko ekitaldietara joaten ez direnei ere zuzenduta dago. Horregatik, aurtengo egitarauari Guztion ondarea, denok parte! leloa jarri diote.
Oiartzungo Ondarearen Mahaia udaberrian hasi zen egitaraua prestatzen. Pasa den larunbatean Artikutzako trena zenaren ibilbidea ezagutzeko txangoa egin zuten. Herritarrei irekitako ekitaldia izan zen, baina hasierako asmoa ez zen hori.
Del Olmok azaldu du: «Haize-Gaineko komunitate terapeutikoan pentsatuz antolatu genuen. Azkenean ezin zizan zuten parte hartu, beraiek prozesu propioa dutelako eta ezinezkoa egin zitzaielako. Erabiltzaileen egoeraren araberakoa izan zen. Etorkizunean kontatuko dugu beraiekin».
Biharko txangoa antolatu dute, herriko kaskoa hobeto ezagutzeko. 10:00etan aterako da plazatik. Izena emateko, 943 49 45 21 telefono zenbakira deitu beharko da, edo e-posta bidez idatzi.
Hilaren 25erako, berriz, Gogoratu dezagun elkarrekin! saioa. Asmoa da Petra Lekuonako egoiliarrekin egitea. «Adineko pertsonekin gai bat lantzea proposatu zen, kasu honetan garai batean egiten ziren kirolena. Kirolari buruzko argazki eta bideoak hartzea proposatu zen, eta solasaldi bat egitea, hortik ateratakoarekin webgunea elikatzeko», esan du.
Hala ere, airean dago ekitaldia, COVID-19aren bilakaera ikusi beharko dela adierazi du zinegotziak. Edozein herritarrek parte har dezakeela jakinarazi du. Badaezpada ere, Gazte Izanak-ekoekin ere hitz egin dute, B plan bezala. Ondarearen ezagutzak denen eskura egon behar duelako.