Oskara Plazara (dantza&zinema) ikuskizuna estreinatuko du Kukai Dantzak Errenteria-Oreretan.
Oskara ikuskizuna. Argazkia: Gorka Bravo.
Oskara Plazara (dantza&zinema) ikuskizuna estreinatuko du Kukai Dantzak Errenteria-Oreretan. Datorren ostiralean izango da, martxoak 3, Niessen Kulturgunean, 19:30etik aurrera.
Iaz estreinatu zuten Oskara, Kukai Dantzak eta La Veronalek elkarlanean. Sortu bitartean, Arena Comunicación, ikus entzunezkoen Iruñeako produktorak, dokumentala sortu zuen. «Sormen prozesua bildu dute dokumental horretan, egunerokoa ikusten da, atzean dagoen lan guztia, eta ez bakarrik agertokikoa. Baina batez ere gure identitatea, gure kultura tradizionala nola bizi dugun, eta kultura globalizatuarekin nola uztartzen dugun bildu dute», azaldu du Jon Maya dantzariak eta Kukai Dantzaren zuzendariak.
Dokumental hori ez da estreinatu oraindik, baina Errioxako (Espainia) Fiver dantza dokumentalen nazioarteko lehiaketan lanik onenaren saria irabazi du. Dokumentalak, kontraste oso politak eskaintzen ditu Mayaren iritziz “Erramun Martikorena ardiekin menditik jaisten eta gazta egiten azaltzen da Baigorrin, eta baita, Europan dagoen sortzaile inportanteenetako bat. Baigorri eta Guggenheim konbinatzen dira bertan”.
Dokumentala ikusteko aukera eskainiko du orain Kukai Dantzak, baina ez dokumentala soilik, ikus entzunezkoa eta dantza uztartu baititu
Oskara Plazara (dantza & zinema) ikuskizunak: «Dokumentalaren proiekzioa eta dantza zuzenean bildu ditugu. Formatu berezia da, dantzaren pasarte ezberdinak eta dokumentala uztartu baititugu».
Emaitzarekin pozik
Aurreko aste osoa eman dute Kukai Dantzako kideak dantza, dokumentalari egokitzen Mayak azaldu duenez, «oso pozik gaude emaitzarekin, eta uste dugu ikusleek gozatuko dutela prestatu dugunarekin». Datorren ostiraleko emanaldiaren ostean izango dute horren erantzuna.
Oskara ez dela ikuskizuna, hortik harago doala esan du Kukai Dantzaren zuzendariak, «atal ezberdinak dituen proiektua da eta horren barruan kokatu behar dugu ikuskizun hau».
Sarrerak Niessen Kulturguneko leihatilan eros daitezke ohiko ordutegian, 3 euroan.