OzZinema estreinaldi batekin dator: 'Silent Night'
Gipuzkoan lehengoz emango den filma da 'Silent Night' komedia miserable, gaizto eta izugarri iluna. Bihar estreinatuko du OzZinemak Niessen zinema aretoetan, 19:30ean.
OzZinema estreinaldi batekin dator Gipuzkoara: ‘Silent Night’ filma bihar, hilak 8, estreinatuko da Niessen zinema aretoetan, 19:30ean. Camille Griffin gidoilari eta zuzendariaren lehen film luzeak, Matthew Vaughnek ekoitzia eta aktore zerrenda bikainarekin, ez du inor axolagabe utziko. Ikuslea suspertzeko prest dagoen filma da, ukitzen dituen genero guztien (komedia beltza, drama, pertsonala eta fantastikoa) arteko oreka absolutua lortzen du, emozioa larruazalean jarrita.
‘Silent Night’ komedia miserable, gaizto eta izugarri iluna da. Matthew Goode, Keira Knightley eta Roman Griffin Davis familia baten buru dira, eta Gabonetako zorion agurra oparitzen dute. Munduak apokalipsiari aurre egiten dion bitartean, lagun talde bat Gabonak ospatzeko bilduko da Erresuma Bateko landetxe idiliko batean. Gizadiaren ezinbesteko suntsipenaren ideiarekin deseroso, egoerari lasaitasunez aurre egitea erabakiko dute, beste Prosecco botila bat irekiz eta ospakizunarekin jarraituz. Baina, normaltasun itxurak egin nahi badituzten ere, lehenago edo beranduago, euren azken gaua delako ideiari aurre egin beharko diote.
Sarrerak hiru bidetatik eskuratu ahal izango dira lau euroko prezioan: sarrerak.errenteria.eus webgunean, Lekuona Fabrikan eta Niessen Kulturguneko leihatilan saioa baino ordu bete lehenago.