Ricardo Ugarte (eskultorea): "Nire lan gehienetan badago erreferentzia itsas elementuei"
Pasaiako Udalak erakusketa antolatu du Ricardo Ugarte eskultorearen omenez. Abenduaren 4ra arte egongo da zabalik sortzaile sanpedrotarraren ibilbideari aitortza egin nahi dion erakusketa bikoitza
«Zirizan dauden lan gehienak azken aldian landu ditudan brankak dira» «Brutalismo handiko espazioa izanik, eskulturak lurretik azaleratzen dira» «San Pedroko Udal Aretoan ibilbide intimoago bat ikus daiteke»Zirizan ikus daitezkeen eskultura gehienek sintesi hori jasotzen dute: bi plano, puntu batean batzen direnak branka sortzeko, eta idi-begiei erreferentzia argia eginez. Nire lan gehienetan badago erreferentzia hori itsas elementuei; itsasontziak, kateak… portuetan ikus dezakegun unibertso horrekin guztiarekin harremana dute nire lanek, eskulturetara eramanda. Eskulturan nabarmendu zaren arren, oso sortzaile polifazetikoa zara. Idazle, margolari,… Ni, nire belaunaldiko beste hainbat bezala, Nestor Basterretxea eta Euskal Eskultura Eskolako aspaldiko beste lagun eta kideak kasu, pinturan hasi ginen. 1967. urtean, nire margolanen erakusketa jarri nuen Barandiaran galerian. Orduan hasi zen margolan lauetan nuena bolumena hartzen, eta laukizuzenekin hasi nintzen lanean. Ondoren pasatu nintzen burdinazko xaflekin lan egitera. Laukizuzenak soldatzen joan eta formen unibertso berri bat sortu nuen, baina beti margotzen ari nintzenarekin harremanetan. Eskulturara jauzia era naturalean egin nuen, bilakaera prozesu bat izan zen, baina, gerora, margotzen jarraitu dut beti, serigrafiatzen. Paperen gaineko nire obra grafikoa eskulturarekin harremanetan dago. Idatzi ere egin izan duzu. Bai, beti. San Pedroko Udal Aretoan ikusgai daude oraingoz argitaratu ditudan lau liburuak. Poesiak toki handia du nire lan literarioan, baita nire lan plastikoan ere. Baina dena ez da poesia. Memorias de Sidi Ifni izenburua du idatzi duzun azken liburuak. Bai, niri hango gerra egitea tokatu zitzaidan, 20 urterekin, 1964-1965 urtean. Hura Francoren isilpeko gerra izan zen, jende asko hil zen han, eta jende askok eskatu izan dit hura kontatzeko. Guk ez badugu han gertatutakoa kontatzen, hiltzen joango gara, eta han ezer ez zela pasatu kontatuko dute.
«Denborarekin gauzak deuseztatu egiten dituzu eta sintesiarekin geratu» «[Jorge Oteizaz galdetuta] Eragina formala baino, espirituala izan da» «Paperen gaineko nire obra grafiko guztia eskulturarekin harremanetan dago»Espainiako Defentsa Ministerioak ez du onartu nahi han gerra bat izan zenik. Liburuan, elurra ari zuen martxoaren 3ko hartan Donostiako tren geltokiko tren batean sartu gintuztenetik bizitutako guztia jaso dut. Donostiatik Madrilera, Madriletik Sevillara, trenez ere, eta handik, hegazkinez, Sidi Ifni-ra [Maroko]. Han bi hilabetez egon ginen kanpaldi batean, esklaboen antzera. Nik batzuetan zalantza izaten nuen soldadu edo gerrako presoak ote ginen. Liburua Lagun argitaletxeak kaleratu du. Bigarren edizioa ere atera dute. Eskultura Eskolako kiderik gazteena zara zu, Oteiza, Chillida, Basterretxea eta Mendibururekin batera. Nolako eragina izan dute sortzaile garrantzitsu horiek guztiek zugan? Ni nintzen gazteena, eta orain patriarka bilakatu naiz, bakarrik geratu naizelako. Jorge [Oteiza], Nestor [Basterretxea] eta hirurok geratu ginen azkenean, eta lankideak ez ezik, lagun handiak izan gara. Erakusketa asko egin ditugu elkarrekin. Hala ere, nik uste dut eragina formala baino espirituala izan dela. Jorgek existentziarekiko zuen jarrerak eragin ninduen gehien, bere jatorriarekin konprometitua egote hori, bere herriko kulturarekin, zure lanaren bidez egiten duzun ekarpen hori… Horixe izan da nik Jorgerengandik jaso dudan ikaspenik garrantzitsuena, eta berdin Nestorren kasuan.
«Bela bat egin dut, Blas de Lezoren omenez»
Pasaian jaio zinen, San Pedron. Pasaman Alargunaren kaleko 1. zenbakian, Jose Mariren bodegoiaren parean. Nola eragin du zure lanean San Pedron jaio izanak? San Pedron jaiotzearena ia kasualitate bat izan zen. Nire gurasoak ordurako Grosen bizi ziren, Bermingham kalean. Baina garai hartan ohitura zen erditzea gurasoen etxean, eta ama horregatik erditu zen San Pedron, nire aiton-amonak hemengoak zirelako. Jaio, eta Pedro Deunaren elizan bataiatu ninduten, San Pedron, eta ondoren joan ginen Donostiara bueltan, han bizitzera. Gogoan dut astebururo etortzen ginela San Pedrora, gure Groseko etxe azpian geratzen zen autobusa hartuta. Oroitzapen oso kuttunak ditut, aitonarekin, maitasun handikoak. Inoiz ez duzu eten jaioterriarekin harremana. Nik beti defendatu dut oso harro nire sanpedrotartasuna. Erakusketaren inaugurazioan hemengo lagunez inguratuta egon zinen. Horrek zer suposatzen du zuretzat? Niretzako ohorea izan da udalak omenaldi gisa eskaini izana erakusketa hau. Herri honetan zaila da lortzen bizirik zaudela norbaitek omenaldia eskaintzea. Hunkituta nago. Izaskun Gomez alkatea izan zen inaugurazioan, eta esan behar dut kultura zinegotzi Miriam Cano eta Kultura teknikari Beatriz Caballero erabat inplikatu direla erakusketaren antolakuntzan. Oso pozik nago.«Nik beti defendatu dut oso harro nire sanpedrotartasuna» «Niretzat ohorea izan da udalak erakusketa hau omenaldi gisa eskaini izana» «Espero dut lonjaren gaia lehenbailehen konpontzea eta nire ‘Bela’ han ikustea»Inaugurazioa oso une berezia izan zen. Lagunen maitasunaz babestua, San Pedroko kuadrilla, familia, seme-alabak… Pasaian eskultura oso esanguratsuak dituzu, herritarrentzat esanahi handikoak. Bai, hemen dago Aingura, Trintxerpen, herriko sarreran, jendeak ‘Ainguraren biribilgunea’ deitzen duen horretan. Maiz gertatzen den gauza bat da, azkenean eskulturak izendatzea espazioa. Oso harro nago. Aurretik beste toki batean egon zen Aingura. Garai batean Buenavistako kaian egon zen, han kokatzeko sortu nuelako. Baina lan batzuk egin zituzten inguruan, eta denbora askoan lurrean botata egon zen eskultura, nire atsekaberako. Jose Ignacio Espel Portu Agintaritzan zegoela erabaki genuen Gomistegin jartzea. Pieza hasieran gorria zen, portuaren testuinguruan nabarmendu zedin, baina biribilgunean kokatzeko jatorrizko burdin oxido kolorea eman nion. Oso pozik nago kokapen berriarekin. Donibaneko Bizkaia plazan ere egon zen urte askoan zure eskultura bat, Popako gaztelua. Orain portuan dago, Trasatlantico erakinaren ondoan. Hara lekualdatu genuen Donibanen gaizki tratatua zutelako; pintatuta,markatuta… berriztatu nuen eta gaur egun han da, primeran. Pasaiarako beste proiektu bat duzu esku artean. Bai, Bela bat egin dut, Blas de Lezoren omenez, lonjaren parean kokatzeko. Herrikide gisa hari eskaini nahi diot. Maketa San Pedron dago ikusgai, Udal Aretoan. Hutsik dagoen ardatz batean pibotatzen duen bela bat da, haizeak mugituko duena. Proiektua, hala ere, oraingoz geldirik dago, lonja berriaren pare horretan jarri nahi dudalako, eta lanak eten dituztenez… Benetan espero dut lonjaren gaia lehenbailehen konpontzea, eta nire Bela bertan ikusi ahal izatea, Boterotik, hori delako eskulturarentzat tokirik aproposena. Erakusketa
- Non. San Pedron, Udal Aretoan; Trintxerpen, Ziriza Etxean.
- Noiz arte. Abenduaren 4ra arte.
- Ordutegia. Asteazkenetik larunbatera, 18:30etik 20:30era. Igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara.