Hiru egunetan, hainbat etapa eginaz, Elkartasun Motxila eramango dute Saretuz proiektuko kideek igandeko Nafarroa Oinezera. Bihar hasiko da martxa, hainbat eragileren partaidetzarekin.
Saretuzen egitasmoan parte hartuko dutenak, atzoko agerraldian.
Bihar (ostirala) abiatuko da Urdaburu Mendizale Elkartearen egoitzatik Saretuzek bultzatutako elkartasun proiektu berria, 16:30ean: Elkartasun Motxila bete, eta Xanti eta Maialenen laguntzarekin, Nafarroa Oinezera hiru eguneko martxa abiatuko dute, Elizondora (bertan da Nafarroako ikastolen jaia, igandean), Baztan Ikastola eta oro har Nafarroako ikastolak eta euskalgintza babesteko. Atzo, Saretuzeko kideek, Baztan Ikastolako, Orereta Ikastolako, Urdaburuko, eta Oarsotri taldeko kideek agerraldia egin zuten egingo dutenari indarra emateko, norbanakoez lagunduta.
Izan ere, elkarlan eredua da Saretuzek bihar abian jarriko duena. Iaz Zangozara egin zuten antzeko bidaia, eta ordukoa ondo atera zelako, aurten errepikatuko dute esperientzia, esan bezala, herriko eragileen eta norbanakoen arteko elkarlana abiapuntu, euskara eta ikastolak, Nafarroakoak oraingoan, helburu.
Irrikaz daude egitasmoari ekiteko errenteriarrak. Esker onez jaso dute elkartasun keinua nafarrek, eta atzo, esaterako, elkarri oroigarriak eman zizkieten. Baikor daude, pozik.
Ondoko estekan martxaren ibilbide zahatza ikus daiteke.