Guardia Zibilaren atxiloketak salatu dituzte
Oihana Garmendia, Antton Lopez, Haimar Altuna eta Oihana San Vicente atxilotu zituen, atzo, poliziak. Oiartzunen elkarretaratzea egin dute.
Guardia Zibilak Oihana Garmendia, Antton Lopez, Haimar Altuna eta Oihana San Vicente sortuko kideak atxilotu zituen atzo. Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio aretoak agindutako operazioa izan zen, auzitegiko fiskaltzarekin elkarlanean, euskal presoei eginiko 95 harrera ekitaldi “antolatzea eta koordinatzea” leporatuta.
Polizia etxeetara deklaratzera eraman ondoren, aske geratu ziren arratsaldean. San Vicente eta Altuna Sortuko arduradun politikoak Araban eta Gipuzkoan, eta Lopez eta Garmendia Kalera Kalera-ko kideak, Sortukoak izateaz gain.
Polizia operazio hori salatzeko asmoz, mobilizazioak egin zituzten Euskal Herriko hainbat txokotan. Tartean, Oiartzunen. 75 lagun elkartu ziren atzo arratsean, Done Eztebe plazan, atxiloketak gaitzesteko.
Sortu alderdiaren arabera, atzoko polizia operazioak ez du inolako funts juridikorik, eta “irtenbide politikoen atera leihoak oztopatzeko” helburua dute.