Zinegoak jaialdiko film laburrak herritarren eskura jarriko dituzte
Udaletxeko pleno aretoan proiektatuko dituzte ostiralean, eta online ikusteko aukera eskainiko du udalak, bestalde, larunbatean.
Zinegoak Gay-Lesbo-Trans 18. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdian parte hartutako sei film laburrak ikusteko aukera izango dute oiartzuarrek ostiralean eta larunbatean, udalak jakinarazi duenez. Jatorrizko bertsioan emango dituzte euskarazko azpitituluekin, besteak beste: Leo y Álex en pleno siglo XXI; Eguna iluntzen danean; La amante; Panteres; Camille et moi; eta 11:40.
Lehen emanaldia aurrez aurrekoa izango da, udaletxeko pleno aretoan, 18:30ean hasita. Gogoratu dutenez, edukiera 30 lagunera mugatua egongo da. Larunbatean, bestalde, denen eskura jarriko dituzte ikus-entzunezkoak, udalaren webgunean zintzilikatutako estekaren bitartez.
Film laburren emanaldia Oairtzungo Udaleko Feminismo sailak eta Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarlanean antolatu dute, “sexu eta genero askatasuna ikusarazi eta errespetuzko baloreak landu asmoz”.