Hilaren 15erako finkatu dute Bidasoari Biraren 3. etaparako hitzordua mendizaleek; ibilaldia sei ordukoa izango da denera. Bestalde, Carros de Foc zeharkaldiaren diapositiba proiekzioa eskainiko du Joxean Ugartemendiak hilaren 13an, ostegunarekin.
San Mauricio lakua
Errenteria-Oreretako Urdaburu Mendizale Elkarteak Bidasoari Biraren 3. etapa antolatu du azaroaren 15erako. Zubietatik Donezteberako bidea egingo dute mendizaleek, Mendaur zeharkatuz. 6 orduko ibilbidea izango dela aurreikusi dute.
Zabaldutakoaren arabera, irteera 07:30ean finkatu dute Zumardiko autobus geltokian. Parte hartu nahi duten lagunek elkartearen egoitzatik pasa daitezke asteartean edo ostegunean 19:30etik 21:30era. Bestela ere, adierazitako ordutegiaren barruan 943527879 telefono zenbakira dei dezakete interesatuek.
Diapositiba proiekzioa
Joxean Ugartemendiak bestalde, diapositiba pasea egingo du hilaren 13an ostegunarekin Urdaburu Mendizale Elkartearen egoitzan (Juan de Olazabal kalea, 23), 20:00etan abiatuta. Zehaztu dutenez, Carros de Foc ibilaldia Aiguestorteseko parke naturalean, San Mauricio lakutik igarota izango da diapositiben ardatza. Zeharkaldiak 55 km ditu, 9.200 metroko igoerarekin.