San Markoko erromeria inoiz baino beranduago, igandean
Aurten inoiz baino beranduago izango da San Marko Eguneko erromeria. Santu horren eguna astelehen honetan zen, baina Aste Santua zela eta, eta jende asko oporretan egoteagatik, dataz aldatzea erabaki du Udalak, maiatzaren 1era. Aldaketarengatik barkame...
Aurten inoiz baino beranduago izango da San Marko Eguneko erromeria. Santu horren eguna astelehen honetan zen, baina Aste Santua zela eta, eta jende asko oporretan egoteagatik, dataz aldatzea erabaki du Udalak, maiatzaren 1era. Aldaketarengatik barkamena eskatu dute Udaleko ordezkariek. Hala ere, Langileen Eguna izanagatik, eta herrian hainbat ospakizun izanagatik egun hori egokiena delakoan hartu dutela erabaki hori jakinarazi dute.
Gaur aurkeztu dute egitaraua Juan Carlos Merino alkateak eta Joxe Mari Burgos Kultura zinegotziak. Merinok nabarmendu zuen geroz eta parte hartze handiagoa duen jaia dela San Marko Eguneko erromeria.
Burgosek, berriz, egitarauaren gaineko xehetasunak eman zituen. Ohi bezala, ekitaldi nagusia krosa izango da. 10:30ean irtengo dira korrikalariak udaletxetik San Markora. 11:30erako helmugara denak iristea espero dute, eta jarraian sariak banatuko dituzte. EAT Errenteriako Atletismo Taldeak antolatu du lasterketa.
San Markon, bestalde, meza izango da 12:00etan Joseba Goñirekin, eta horrekin batera, txapa tailerra, trikitilariak eta herri kirolak ez dira faltako. Bazkal ostea euskal musikarekin girotuko dute. Horrez gain, euskal produktuen postuak ere izango dira.
Beste urteetan bezala, bidea moztuta egongo dela ohartarazi du Burgosek. Autobusa ere izango dela gaineratu du.