Udaleku irekietan izena emateko epea zabalduko dute astelehenean
Pasaiako Udaleko Gazteria eta Kirol Departamentuak Udaleku Irekiak antolatu ditu uztailerako, haurrek udan gozatzeko aukera izan dezaten, eta bide batez, ikastetxeetan urtean zehar bereganatutako euskararen erabilera indartu dezaten. Udalekuak Pasaian ...
Pasaiako Udaleko Gazteria eta Kirol Departamentuak Udaleku Irekiak antolatu ditu uztailerako, haurrek udan gozatzeko aukera izan dezaten, eta bide batez, ikastetxeetan urtean zehar bereganatutako euskararen erabilera indartu dezaten. Udalekuak Pasaian erroldatutako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzako dira, 4. maila bitartean. 9:30etik 13:00era izango dira udalekuak, astelehenetik ostiralera. Gehienez ere 10-12 haur izango da talde bakoitzean eta taldeko begirale bana izango dute. Jarduera asko egingo dituzte: jolasak, kirola, tailerrak, mozorroak, txotxongiloak, dantzak, antzerkia, ipuinak, txangoak, irteerak, …
Kokapen berria
Aurreko urteetan ez bezala, aurten udalekuek barruti bakoitzeko egoitza bana izango dute. Trintxerpen, Karmengo Ama Ikastetxean bilduko dira haurrak, eta San Pedron, Antxon eta Donibanen Lizeoaren Haur Hezkuntzako eraikinetan.
Matrikulazioa maiatzaren 17a bitartean izango da zabalik. Plazak mugatuak dira eta izena ematen den hurrenkeran beteko dira. Matrikulak 60,10 euro balio du.
Haur Hezkuntzako haurren matrikula gauzatzerakoan, nortasun agiriaren edo familia-liburuaren kopia aurkeztu behar dute gurasoek.
Pasaiako ikastetxeetan ez dabiltzan haurren gurasoek Gazteria eta Kirol Departamentura jo behar dute: informazioa eskatzeko 943 00 43 30 telefono zenbakira dei daiteke, eta matrikula-orria betetzeko bulegora bertaratu behar da, Trintxerpeko Euskadi Etorbidearen, 9. zenbakian, Udal Euskaltegiaren ondoan; astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.