Imanol Irigoienen Txoriak txori, Garmendin
Imanol Irigoienek ireki du 2011/2012 ikasturtea, Oiartzungo Garmendi txokolategiko erakusketei dagokienez. Irigoienen margolan bildumak Txoriak txori du izenburu. Egileak nabarmendu duenez, asmo handirik gabeko erakusketa da, “xume eta apala, lud...
Imanol Irigoienek ireki du 2011/2012 ikasturtea, Oiartzungo Garmendi txokolategiko erakusketei dagokienez. Irigoienen margolan bildumak Txoriak txori du izenburu.
Egileak nabarmendu duenez, asmo handirik gabeko erakusketa da, “xume eta apala, ludikoa”, baina horrek ez du esan nahi koadroek ikuslea hotz utziko dutenik. Izenburuak dioen bezala, “txori hegaztiei eskainia” da erakusketa, eta Mikel Laboaren kantu hain ezagunetik hartua da izenburua, “jakina”.
Txikiak, tintarekin eginak
Txikiak dira erakusten diren margolanak egileak berak gogorarazi duenez, baina ez egiteko errazak: “Txikiak bai neurriagatik eta lekuagatik, bai gaiagatik eta erabilitako teknikengatik: ez, haatik, ardura gutxiagorekin eginak…”.
Teknika dagokionez, tinta erabali du artistak: akrilikoa eta akuarela.
Argazkian ehizatutako txoriak
Oiartzungo bidegorrian argazkiz ehizatu zituen txori-hegaztiak 2009/10 eta 2010/11ko negualdietan Irigoienek. Horiek ditu erakusketak oinarri. Izan ere, pieza horiek, gero, margoen mundura eraman zituen: “Horiexek dituzue, beste txori-hegazti batzuekin batera, Garmendi txokolategian ikusgai, atsegin baduzue…”.
Hori bai, egileak zehaztu du lanak ez daudela salgai.
30 urtetik gora margotzen
Badu eskarmentua Imanol Irigoienek margolaritzan. Lehen erakusketa, esaterako, duela 30 urte jarri zuen, Oiartzungo Aurrezki Kutxa Munizipalean, 1981. urteko abuztuan.
Ordutik, egileak dioenez, “tximista bezain azkar igaro dira urteak, alajaina…!”, eta berak margotzen jarraitu du.