Errenteria-Orereta Bizirik-ek EAJren jarrera salatu du
Zaborraren gaiaren gaineko jarrera “alderdikoiak” alde batera uzteko, eta herritarren ongizatea “bermatu” eta ingurumena errespetatuko duen konponbidea bilatzeko eskatu du Errenteria-Orereta Bizirik plataformak. EAJk abiatu berr...
Zaborraren gaiaren gaineko jarrera “alderdikoiak” alde batera uzteko, eta herritarren ongizatea “bermatu” eta ingurumena errespetatuko duen konponbidea bilatzeko eskatu du Errenteria-Orereta Bizirik plataformak. EAJk abiatu berri duen Gipuzkoa Garbia ekimenaren harira egin ditu adierazpenak Errenteria-Orereta Bizirik-ek. Ekimen horrek, gainera, “EAJren interesei baino ez die mesede egiten”, erraustegiaren aurkako plataformaren aburuz. Gipuzkoa Garbia ekimenaren irizpide nagusiak “gardentasuna” eta “zorroztasuna” izango direla adierazi du alderdi jeltzaleak, eta erraustegiaren aurkako plataformak zalantzan jarri du azken hori: “Edukiontziekin gehiago birziklatzen dela, Europako araudia beteko dutela eta zabortegien itxiera eskatuko duela esan du EAJk. Edukiontziekin gehiago birziklatzen dela ez du inork sinisten, beraz argi dago zorroztasunaren printzipioa ez dutela errespetatu”. Europako araudiari dagokionean, berriz, atez ateko sistemak ere betetzen duela gaineratu du plataformak. Zabortegiak ixteko eskaerarekin bat egiten duela azaldu du Errenteria-Oreretako taldeak, eta EAJri proposatzen duen errauste plantak sortuko dituen “hondakin toxikoekin” zer egiteko asmoa duen galdetu dio, “horiek ere zabortegia behar dutelako”. Bestalde harridura azaldu du herritarren erraustegiaren aurkako plataformak “parte hartzearen aldeko jarrera” erakusten ari delako EAJ, “berak zuzendutako erakundeetan, errausketaren aurka urte luzez lanean ari diren taldeen ahotsa isilarazi izan duen bitartean”.