Kasua argitzeko interesik inoiz ez dela egon salatu dute.
Josu Juaristi (EH Bildu); Xabier Benito (Podemos Ahal Dugu) eta Izaskun Bilbao (EAJ) Pasaian izan dira segadan hildakoen senideei babesa agertzen.
Iragarria zuten eta gaur berretsi dute ofizialki. Pasaiako segadan hildakoen senideek jakinarazi dutenez, iazko azaroaren 29an aurkeztu dute helegitea Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian. Espainiako estatuko epaitegietan bide guztiak agortuta erabaki dute Europara jotzea, eta Europan helegitea onartzeko zain daude orain.
Helegitea publiko egiteko deitu duten agerraldian hiru eurodiputatu izan dira; EH Bilduko Josu Juaristi, Podemos Ahal Dugu-ren Xabier Benito eta EAJko Izaskun Bilbao. Hiruen babesa eskertu dute hildakoen senideek. Santi Gonzalez eta Migel Castells abokatuei ere esker ona adierazi diete, urte askotako babesarengatik, eta baita Azpeitiko Udalari ere. Era berean, esker ona adierazi diete
Pasaiako badia dokumentalaren egileei, kasua ezagutzera emateko egin duten apustuarengatik.
Helegitea senideen abokatu Santiago Gonzalezek eta Aizpeitiko Udalaren izenean Migel Castellsek bideratu dute, zehaztu dutenez, “bizitza eskubidearen kontra urraketak egon zirela argudiatuta” . Helegitean, besteak beste, “auzitegiak lau hilketen zantzuak daudela aitortu arren, hilketa horien egileak identifikatzeko ikerketak egin ez izana” argudiatu dute.
Harreman dinamika berria
Segadan hildakoen senideek nabarmendu dutenez, “orain arteko beren ahalegin guztiak antzuak” izan dira. “Kasua argitzeko borondaterik ez” dela egon salatu dute, eta beren “sufrimendua gero eta handiagoa” dela ohartarazi. Aitzitik, ez dutela etsiko eta “beren senideekin egin zuten bidegabekeria hura inpunitatean gelditu ez dadin duintasunez lanean” jarraituko dutela esan dute.
Zentzu horretan, harreman dinamika berri bati ekin diotela jakinarazi dute baita ere, eta Gogora Institutuarekin ez ezik, Nafarroako eta Eusko Jaurlaritzako bizikidetzarako arloekin lanean hasiak direla esan dute.
Lau gorpu, 113 bala zulo, bi fusilatu
Gaurko agerraldia Pasaian zergatik egin nahi izan duten azaldu dute hildakoen senideek. Gertaeren lekua izateaz gainera, deitzaileek gogor salatu nahi izan duten
Puntetako oroigarriak hilabeteko epean jasan dituen bi erasoak. “Horrekin pentsatzen badute gu etsipenean sartu, eta etsi egingo dugula, ez gaituzte ondo ezagutzen”, esan dute.
Aipatu oroigarriak 1984ko martxoaren 22an badian jazotakoak laburbiltzen ditu, eta hori bera egin dute gaur senideek, segada hartan “mendeku gosez armaz leporaino beteta bertaratutako ehunka izenik gabeko funtzionarioek” parte hartu zutela gogora ekarriz.
Segadaren ondorioz, Pedro Maria Isart eta Jose Mari Izura erail zituztela gogorarazi dute “bakoitzari 28na bala zulo eraginez”. Ondoren, Dioni Aizpuru eta Rafael Delas atxilotu eta fusilatu zituztela salatu dute, “36 eta 21 bala zulo eraginez, hurrenez hurren. Guztira 113 bala zulo lau gorputzetan”. Segada argitze bidean, Dioni Aizpuru eta Rafael Delasen fusilatzeak aitortzea eskatu dute senideek.