Azken urteetako manifestaziorik jendetsuena egin dute Errenteria-Oreretan; emakumeen plantoa mobilizazioan irudikatu dute
Manifestazioaren hasierak eta bukaerak ia bat egin dute Biteri kalean.
Berdintasuna aldarri, milaka lagunen jende uholde moreak Errenteria-Oreretako kaleak hartu ditu. Munduko 178 herrialdeetan deitutako plantoa manifestazioan irudikatu dute. Azken urteetako manifestaziorik jendetsuena izan da 2018kok Martxoaren 8koa. Hainbesterako, ezen manifestazioaren hasierak bukaera ia
irentsi duela Xenpelar AEK euskaltegiaren parean. Tartean, 850 metro eta beste hainbeste —edo gehiago— arrazoi gaur planto egiteko.
Manifestazioaren bukaeran aldarrikatu dutenez, emakumeen mendeetako haserrea esnatzen ari da. “Gaurko grebaren balioa ez da zenbakietan azaltzen, lan uztea baino zerbait gehiago da. Nazkatuta gaude prekarietatearekin, soldata ezberdintasunarekin, zaintza gure gain hartzearekin…”, esan dute.
Gaurkoa egun historikoa dela nabarmendu dute. Jendartea emakumeen zaintza lanek sostengatzen dutela adierazi dute, eta ez dela baloratzen. “Gaur gure lanaren balioa ikusaraziko dugu”, gaineratu dute.
Kontsumoa eta hezkuntza
Lantokietan eta zaintzan greba egiteaz gain, kontsumoaren eta hezkuntzaren arloetan ere deituta zegoen. Sistemak gorputzak merkantzia bezala saltzen dituela salatu dute, eta munduan milioika emakumek pairatzen dutela. Hezkuntzari dagokionez, etorkizuna eraikitzeko erreferente berriak eskatu dituzte, eta aniztasunez betetako eskolen beharra mahaigaineratu dute.
Gaurkoa hausnarketarako eguna dela azaldu dute. “Dohainik egiten dugun lana zein den ikusiko da, eta gure aniztasunetik, bata bestearengandik ikasiko dugu. Elkarren babesa izango dugu horretarako”, zehaztu dute.
Arratsaldeko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute —19:30ean hasiko da, Herriko Plazatik—. Bitartean, balkoietan amantalak jartzeko eta besoko moreak janzteko deia egin dute. “Mundua geldituko dugu, borrokan jarraitzeko”.