Taldeak aurkezteko festa bat antolatu dute bihar (hilak 21), Donibaneko plazan.
Donibane eskubaloiko kideak, plazan, denboraldi bukaeran egin zuten festan.
Senior taldea Gipuzkoako Lehenengo Mailan, jubenil eta kadete talde bana Gipuzkoako Ligan, eta lehenbiziko aldiz areto futboleko talde bat, lurraldeko 2. mailan. Lau talde izango ditu aurten Donibane Eskubaloia Kirol Elkarteak lehian, eta guztiak aurkeztuko ditu, bihar, Donibaneko plazan.
17:30ean hasiko da ekitaldia, klubeko kideek antolatutako haur jolasekin. Partida bat ere jokatuko dute harrobiko taldeek, eta 19:00ak inguruak omenaldia egingo diete Joxe Mari Legorburu ‘Lexo’ eta Enrique Figueroari. Klub arrosaren sortzaileak dira biak, eta 26 urtez egon dira taldearen zuzendaritzan. Urte hauetan guztietan taldearen alde egindako lan eskerga aitortu eta eskertu nahi diete omenaldiarekin.
Ekitaldi berean, 1991. urteko nesken eskubaloi taldea omenduko dute, orain arte sanjuandarrek izan duten emakume talde bakarra, klubeko zuzendaritza berriak nesken taldea bat osatu nahi duelako epe motzean, eta egokia iruditu zaielako orduko emakumeek egin zuten lan horri aitortza egitea.
Aurkezpenari bukaera emateko jokalariek, zuzendaritzako kideek eta omendutakoek talde argazki bat egingo dute eta Ziaboga Bistrok jatetxeak prestatuko duen paella jango dute plazan bertan.