134 herritarrek hartu dute parte udalak deitu dituen zortzi batzarretan; jarrera "parte hartzailea eta eraikitzailea" izan dutela nabarmendu du erakundeak
Elizalden atzo egin zuten batzarra [Argazkia: Oiartzungo Udala].
Atzo bukatu zituzten Oiartzungo Udalak deitutako auzo batzarrak. Ergoien eta Elizalden egindako auzo batzarrek itxi zuten erronda. Lehenengo balorazio bat eginez, udalak eskerrak eman dizkie bertara hurbildu diren oiartzuar guztiei. 134 lagunek hartu dute parte zortzi batzarretan, eta gehienak emakumeak izan dira (%51,49). Izan duten jarrera “parte hartzaile eta eraikitzailea” eskertu die.
Udalak datorren urterako duen aurrekontu proposamena ezagutzeko aukera izan zuten bizilagunek. Gainera, agintaldiaren balorazio orokorra partekatu ahal izan zuten. Auzoetako egoeran ere zentratu dira: horietan egindako obrei errepasoa eman, datozen proiektuak zein jakinarazi, auzotarren iritzia jaso eskaerak entzun… Auzo batzarren aktak
udalaren webgunean kontsulta daitezke.
Gazteekin, hilaren 18an
Auzoen txanda pasatuta, gazteekin saioa egitea geratzen zaie. Datorren ostegunean, hilak 18, udala eta gazteak bilduko dira, 19:30ean, Kataxulo gaztetxean. Luntxa eskainiko diete, eta saioa dinamikoa izango dela jakinarazi dute.
Hainbat gai jorratuko dituzte, tartean datozen aurrekontuetan gazteen alorrari bideratuko diren 5.000 euro. Gazteek eurek erabakiko dute zertara zuzendu.
Iazko batzarra positiboa izan zen bai gazteentzat baita udalarentzat ere, eta horregatik aurten ere ospatzea erabaki dute.”Udalgintzan eta herrigintzan gazteen ikuspuntua txertatzekoa ezinbestekoa da”, gaineratu dute.