Bidasoa eta Logroñoren arteko eskubaloi partida Lezon, Pruden Goia omentzeko
Pruden Goia Lezoko eskubaloi jokalari historikoa da. 1970an hasi zen Lezon eskubaloian, eta bere karrera gehiena herrian egin zuen.
Larunbatean (hilak 26) eskubaloi zaleentzako egun inportantea izango da Lezon. Batetik, Munttarperen eta Lezoko Udalaren arteko elkarlanari esker, Irungo Bidasoak eta BM Logroño La Rioja Asobal Ligako taldeek adiskidantza partida jokatuko dute Bekoerrota kiroldegian, 19:00etan hasita. Ondoren, Pruden Goia eskubaloi jokalari historiko lezoarrak omenduko dute.
Goia 1970ean hasi zen eskubaloira jokatzen Lezon. Atezaina zen, oso ona. Kanpoko talde asko haren bila etorri ziren, fitxatu nahian, baina bere kirol bidearen zatirik handiena herrian egitea erabaki zuen. Egiako taldean ere jokatu zuen, Espainiako Lehen Mailan, eta Albacete taldearekin Espainiako Bigarren Mailako Txapeldun izan zen. Partidan izango da Goia, eta haren omenezko tartean alkateak, Munttarpeko kideek, nahiz partida jokatuko duten taldeetako ordezkariek oroigarriak emango dizkiote.
Esana dago partida larunbatean dela, 19:00etan Bekoerrotan. Sarrerak, honako tokietan daude salgai 6 euroan (helduak) eta 4 euroan (Muntarpeko bazkideak eta 12-16 adin tartekoak):
- Lezon: Sotxo tabernan eta Tiñelu elkartean. Egunean bertan kiroldegian salduko dira.
- Errenteria-Oreretan: Xera gastrotekan eta Zuzen tabernan.