Oztopoei aurre egiteagatik, eskerrik asko
Mikel Izagirre, Mindarako ohorezko lehendakari izandakoa omenduko dute bihar Niessen Kulturgunean, 11:00etatik aurrera. Ezina ekinez lortzeagatik eta berdintasunaren alde egindako lanagatik oroituko dute.
Lau hilabete pasatxo dira Mikel Izagirre Anabitarte (Donostia, 1952-Errenteria, 2019) zendu zela, eta hark utzitako hutsunea ordezkaezina izango da Mindaran. Bulegora egunero joaten zen horietakoa zen Izagirre, «euria eta hotza egiten bazuen ere, beti topatzen genuen hemen, laguntzeko prest», gogoratu du Erika Martinez Zubietak, Mindarako idazkari eta koordinatzaileak. Ekintzetan, bulegoko egunerokotasunean, ala batzarretan, beti egiten zituen ekarpenak eta besteen proposamenetan parte hartzeko prestutasun osoa agertzen zuen. Elkartean, Mindara sortzen eta gorpuzten egindako lanagatik maite dute. Kirol munduan, modalitateak egokitzeagatik ezaguna da. Eta Orereta osoan bere zintzotasunagatik maitatuko dute beti. Urteak eman zituen Mikelek ONCEren kupoiak saltzen, lehenik Aralar plazan eta ondoren Morrongilleta kalean.
Gizonaren karisma eta alaitasuna ukaezinak dira. Baina dibertsitate funtzionala duten pertsonen alde egindako lana goraipatu behar dela uste du Erika Martinezek: «2012an Mindarako sortzaileen artean izan zen Mikel. Bost familia eta hiru programarekin hasi ziren lanean; gaur egun 56 familia dira, eta 11 programa kudeatzen ditugu. Bada zerbait». Oarsoaldean kirol egokituan sumatzen zituen gabeziak zirela eta egin zuen bat Mindararekin Izagirrek. 6 urte geroago erreferentzia bihurtu da elkartea. Haien azken lorpena, futbola egokitzearena izan da.
Omenaldia
Biharko goizeko 11:00etatik aurrera Mikel Izagirre omentzeko jaialdia egingo dute. Lehen zatian bere bizitza eta ibilbidearen errepasoa egingo dute, «Mikelek kirol egokituaren alde egindakoak jorratuko ditugu, zer klub eta programetan parte hartu zuen»,azaldu du Mindarako koordinatzaileak. Etzi ospatuko da Behobia-Donostia lasterketa, eta gaur egun naturaltasunez ikusten da mugikortasun arazoak dituzten pertsonak bertan parte hartzen ikustea. Gutxik dakite, ordea, Izagirre izan zela bultzatzaile nagusia, 1983an. Ez zuen nahi lasterketa sinboliko bat, baizik eta jendeak berdintasunean parte hartzea. Zorotzat jo zuten hainbatek garaian.
Lagun askoko pertsona zen Izagirre, ezinezkoa da denek parte hartzea biharko ekitaldian. Hori dela eta, Mindarakoek bideo bat proiektatuko dute, gertuko jendearen elkarrizketekin. Ezustekoentzako tartea ere izango da, izan ere, «gonbidatu berezi bat» etorriko dela iragarri du Martinezek, Mindarako haurrekin batera abestu eta jolasteko.
Plaza mugatuko jaialdia izango da, 300 lagun sartu ahalko dira aretoan eta nola ez, guztiz egokitutako espazioa izango da, denek izan dezaten ongi pasatzeko aukera, oztoporik gabe, Izagirrek nahiko lukeen bezala. Elkarteko kideen familientzat ekitaldi berezia izango da larunbatekoa, «bihotzetik ateratakoa». Haiengatik hain beste eman zuenari esker ona adieraziko diote. Hilik badago ere, ekintzailetzarako mugarri izaten jarraituko du Izagirrek:«Klub, elkarte, ekintzaile eta lagunek egingo dugu topo. Aukera paregabea izango da kirol egokitu, dibertsitate funtzional eta inklusioari buruz hitz egiteko».
Jaiaren bigarren zatia Koldo Mitxelena ikastetxearen patioan izango da. Mikelen beste nahi bati eutsiko diote: Mindararen berri emateari hain zuzen ere.