Errenteria-Oreretako manifestazioa handia izango zela aurreikus zitekeen, baina are handiagoa izan da; greba orokorrari babesa erakutsi diote hamarnaka eta hamarnaka herritarrek. Anitza, askotarikoa eta denaren gainetik lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko konpromisoaren erakuslea izan da manifestazioa, elkartasuna eta elkarlanaren adierazle, hamarnaka eta hamarnaka lagunek bat egin dutelako.
Herria gelditu dute Oiartzungo grebalariek. Herria goitik behera itxita egon da, eta lantegietan ere jarraipen handia izan du grebak: %70ak egin du.
Goizeko argazkia gutxi aldatu da Antxon, komertzio gehienek itxita jarraitzen dute eta herritarrek bigarren aldiz hartu dituzte barrutiko kaleak, duintasunaren defentsa egiteko.
Hamarnaka lagun elkartu dira Lezoko plazan, eta zutabe bat osatuta abiatu dira Errenteria-Oreretara, manifestazioa elikatzera.
Errenteria-Oreretan ere mobilizazio jendetsuak egin dituzte goizean; handiena, gaur arratsaldeko manifestazioa izango da, 18:00etan abiatuko da Herriko Plazatik.
Informazio piketeak industriaguneetatik herrietara joan dira. Grebaren eragina nabaritzen hasi da.
Duintasunaren defentsa egiteko ehunka antxotarrek hartu dituzte barrutiko kaleak. Herriko komertzio gehienek pertsianak jaitsita mantendu dituzte. Lezoarrekin batera zutabe erraldoia osatu dute Donostiara joateko.
Mugimendu gutxi izan da gaur goizean portuan. Sindikatuen arabera, %80ko jarraipena izan du grebak. Protestak amaituta, Donostiarako bidea hartu dute langileek.
Industria guneetan lantegien %95 eta herriko saltokien %90 itxita daude Errenteria-Oreretan grebaren deitzaileek emandako datuen arabera.
Jarraipen handia izan du greba orokorrak Oiartzunen. Antolatzaileen lehen datuen arabera, lantegien %70a batu da deialdira, eta herria itxita dago.
Gaurko deitutako greba orokorrak ez du erabateko jarraipena izan, baina nabaritu da ez dela lan egun normal bat izan. Gorabeherarik ez da egon.