Euskararen erabilera areagotzeko, plana
Euskararen erabilera areagotzeko plana osatu du Oiartzungo Udalak, eta bertan 2027. urtera bitartean lortu nahi dituzten eta gauzatuko dituzten ekintzak zehaztu dituzte.
Euskararen erabilera areagotzeko plana osatu du Oiartzungo Udalak, eta bertan 2027. urtera bitartean lortu nahi dituzten eta gauzatuko dituzten ekintzak zehaztu dituzte. Udalak sortu duen zazpigarren plana da, eta bost urteko iraupena izaten dute gisa horretako idatziek. Iraunaldi hori izaten dute planek, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak bost urtean behin planak onartzeko aginduak argitaratzen dituelako.
Iraileko plenoan onartu zuten erabilera plan berria, eta horrekin batera udalean lan egiteko oinarri izango diren hizkuntza irizpide batzuk ere onetsi zituzten. Irati Odriozola UEMAko –Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea– euskara teknikariarentzat tresna garrantzitsuak dira hizkuntza irizpideak, planean jasotako guztia nola egin behar den adierazten baitute. “Udalerri euskaldun bati egokitutako irizpideak itsaso zabaleko itsasargi dira”.
Aitziber Arnaiz, berriz, Oiartzungo Udaleko euskara teknikaria da, eta zehaztu duenez udal barrura begirako euskara plan bat da kurtso hasieran onartutakoa. “Udal jarduera euskaraz normaltasunez izateko edo bidea markatzeko egiten den plangintza da. Udalaren barruko funtzionamenduari begirakoa da, baina eragin zuzena dauka herritarrengan, gure zerbitzuen bidez harreman zuzena daukagulako haiekin”.
KEMEN kudeaketa eta erabilerako markoan oinarritzen da txostena, eta Odriozolaren ustez egitasmo horrek zerbait berria ekarri badu da kudeaketan indar berezia jarri duela. Bi adar bereizi ditu jarraian teknikariak: kudeaketa eta erabilera. “Oiartzungo udala oso egoera onean dago; alegia, ehuneko handi batean plan honek eskatzen dituenak beteta ditu dagoeneko, baina findu beharreko gauzak daude”. Beraz, hori da plan honekin lortu nahi dutena, fintzeko dituzten gauza horietan azpimarra jarri eta 2027. urtea horiek lortuta agurtzea.
Erreakzioaren garrantzia
Udalak kontratu labur, luze eta diru laguntza lehiaketak bezalako tramite mordoa bideratzen ditu, “lan asko egiten da”, eta teknikariek zehaztu dute “zaila dela horiei guztiei ezarritako hizkuntza klausularen betetze maila neurtzea”. Hortaz, aldaketak egin eta zehaztu dute jarraipen hori kontratua gauzatu duen sailaren arduradunak egin behar duela eta ez, berriz, hizkuntza normalizatzaile edo teknikariek. “Jarraipenari dagokionean ditugu hutsuneak”, dio Odriozolak.
Aitzitik, udaleko langileek zehaztu dute plan berri horretan erreakzio bat izatea landuko dutela. Batzuk legea urratzen dutenaren jakitun dira, baina udalak Euskal Herriko administrazio batzuetatik dokumentuak gaztelania hutsez jasotzen dituela deitoratu dute. Beraz, langileei gogorarazi nahi izan diete Arnaizek zein Odriozolak dokumentuak gaztelania hutsean jasotzen dituztenean “lidergoa” hartu eta erantzun egin behar dutela. “Udalean euskaraz egiten dugu lan, beraz, bidal ezazue testua gutxienez euskaraz edo euskara hutsean. Guri euskara hutsean bidaltzeak balio digu”; gisa horretara erantzuteko eskaria egin die UEMAkoak udal langileei.
Arnaizek trebakuntzan sakondu du. Alor horri dagokionean, udal langileek gero eta gaitasun gehiago izan ditzaten nahi dute, testuak “txukun eta modu ulergarri batean” idazteko. Euskara teknikariak azaldu du jakina dela administrazioko hizkera ulertzeko zaila dela; alabaina, azaldu du gizartea ohituago dagoela testu zail edo nahasgarriak gaztelaniaz irakurtzera, euskaraz irakurtzea baino. “Baina ohitura kontua da”.
Euskara ulergarria
Hala ere, alde positiboa bilatu dio horri: “Euskarak badu abantaila bat, eta da administrazioan berriagoa dela gaztelania baino, beraz, aukera gehiago ditu hobetzeko eta berritasunak sartzeko”.
Ziurtasun legal guztiak beteta euskara ulergarria erabili behar dela defendatzen dute bi teknikariek. “Ahal dela herritarrari gerturatu behar gatzaizkio testu ulerterrazak idatziz”. Gakoa da horretarako UEMA. Izan ere, trebakuntza saio presentzialak eman eta hilabetero gomendioak helarazten dizkie langileei.
Epaitegietatik iritsi den euskararen aurkako oldarraldia ere izan dute hizpide Odriozolak eta Arnaizek. Egoera “kezkaz” bizi dutela azaldu dute, edozein momentutan edozein udal izan daitekeelako “oldarraldiaren biktima”. Aldi berean, lasai daude. “Gauzak legez egiten ditugu; beraz, konbentzimenduz jarduten dugu”, nabarmendu du Arnaizek. “Ziurgabetasuna eragiten digute gure hizkuntzarekin bukatzeko asmoa duten kanpoko interesek. Baina guk argi dugu lanean jarraituko dugula gure eskubidea delako, herritarren eskubideak bermatu nahi ditugulako, eta gure hizkuntza maite dugulako”, adierazi du Odriozolak. Gogorarazi dute “zeharkakotasunez” landu beharreko gaia dela hizkuntzarena, eta betaurreko horiek etengabe jantzita izatea “garrantzitsua” dela.