Aiako Harria, Realeko gizonen lehen taldearen posterraren 'atrezzo'-a
Realak posterra aurkeztu du. Jokalarien atzealdean hiru tontorrak ikus daitezke.
Realak urtero garai honetan duen zitarekin ez du hutsik egin: gizonen lehen taldearen posterra aurkeztu du. Urtero Gipuzkoako txokoren bat aukeratzen dute. Aurten Aiako Harriaren txanda izan da.
Realaren webgunean bertan deskarga daiteke. Fisikoki lortu nahi izanez gero, Realaren dendetan —Elkano kalekoan edo estadiokoan— egindako erosketa bakoitzarekin emango dute, gaur arratsaldetik aurrera. Online egindako erosketekin ere banatuko dute, agortu arte.
Aurtengoa denboraldi berezia izango da, Realak bost txapelketatan parte hartuko baitu. Liga eta kopako ohiko parte hartzeaz gain, iazko finala jokatzeke dauka. Gainera, Superkopan parte hartzeko eskumena eman dio finalista izateak. Europan gora eta behera ere badabiltza.
Realak Oiartzun aukeratu zuen azkeneko aldia 2012/2013 denboraldia izan zen. Orduan zorte ona eman zuen Oianlekuko pagadiak, Champions Leaguera iritsi baitziren Philippe Montanierren gidaritzapean. Ea Hirumugarrietak, Txurrumurruk eta Erroilbidek zorte are hobea ematen duen…