Mendea gainditu duten beste bi errenteriar gehiago daude
Valentin Vazquezek asteazkenean bete zituen ehun urte, eta Matias Najerak, atzo.
Madalenei hasiera ematen dien Zentenarioa abestia ez da Errenteria-Oreretako bakarra. Herenegun eta atzotik aurrera, herriak beste bi zentenario ditu: Valentin Vazquez eta Matias Najera. Biek ala biek Aizpea Otaegi alkatearen bisita jaso zuten.
Vazquez Gabierrotako Jesusen Bihotza zaharren egoitzan bizi da, eta ehun urte bete zituen senide eta lagunez inguratuta pasatu zuen eguna.
Alkateak lore sorta eskaini zion, eta Vazquezek kontatu zion nola iritsi zen Errenteria-Oreretara. Caceresen jaiotakoa da, eta herrira 35-40 urte ingururekin iritsi zen. Esker oneko hitzak izan zituen, inoiz ez baitzaio lanik falta. Bi alaba eta seme bat ditu, eta hainbat biloba.
Najerari ere atzo eraman zion lore sorta; kasu horretan, bere etxera. Ia bizitza guztia pasatu du Errenteria-Oreretan, Donostian pasatu zituen sei urteak izan ezik. Bi seme eta alaba bat ditu, bost biloba eta zazpi birbiloba.
Otaegiri azaldu zion nola aldatu den inguru guztia, eguneko zentroari buruzko gorabeherak kontatu zizkion, eta bere lagunak ere izan zituen hizpide.