Euskararen Egunaren harira, historian zehar aktetan jasotako euskararen jazarpena ezagutarazi dute
Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna izan dugu. Hori dela eta, Oiartzungo udal aktek euskararen inguruan aditzera ematen digutena plazaratu nahi dugu. Aurreko mendeetako dokumentazio historikoaren portzentaje nagusia erdaraz idatzita dago; gutxi dira testu elebidunak edo euskara hutsean sortutakoak.
Testu historikoetan hizkuntzari lotutako datuak zuzenean nahiz zeharka ikus ditzakegu. Batetik, ageriko informazioa dugu, euskal hitz, esaldi edo testuak biltzen dituzten dokumentuak. Burdinola, errota edo zubiak bezalako azpiegituren inguruko eraikuntza- edo konponketa-hitzarmenetan, abeltzaintza edo nekazaritzari lotutako idatzietan, gizarte ohitura eta usadioei dagokienetan eta abar.
Halaber zeharkako datuak daude. Udal akordioetan profesionalak kontratatzeko asmoz egindako hitzarmenak ikus daitezke, eskola-maisuak horien artean. Bi aldeek betebehar edo baldintzak ezartzen dizkiote elkarri eta horiek errespetatzeko hitza ematen dute. Informazio aberasgarriak dira esparru horretan euskarak izan zuen, izan ez zuen edo izan zezakeen presentziarekin lotutako datuak eskuratzeko.
Lehenengo aktak, 1672an
Aktetan topatu ditugun eskola-maisuei buruzko lehenengo aipamenak 1672koak dira. Matias Fagoaga besamotza eta Karlos Irisarri jardun horretan aritzeko adostu zen. Beraien egitekoak honakoak ziren: “
ambos los otorgantes de maestre escuela de niños y niñas del dicho Balle, enseñándoles a leer, escriuir, contar, ajudar a missa y la dotrina cristiana”. Urte gutxiren buruan Irisarri zendu zen eta Fagoagak lan horretan jarraitu zuen; lana ondo antzean egiten zuela ematen du, 1677ko abenduan bere kontratua sei urtez luzatu baitzen. Orduan jasotzen zen moduan, bere jardunean bete beharreko helburuak honakoak izango zituen: “
enseñándoles y documentándoles a leer, escriuir, contar, ayudar a misa y la dotrina christiana y otras oraziones y virtuosas en nombre y gloria de Dios, nuestro Señor, y vien d’ellos y enseñándoles ansí vien la urbanidad, cortesía y modo con que se an de portar sin que por y negligencia [sic] del dicho Mathías de Fagoaga pierdan los niños el natural que trajeren”.
Hizkuntzaren inguruan ez da inolako aipamenik egiten XVIII. mende hasiera arte, 1702ko ekainera arte. Andres Albirenarekin hitzartutako kontratuan, maisuak hurrengo bi urteetan honakoa egin beharko zuen: “
los tendrá en la escuela a los muchachos, hixos de vezinos y moradores del dicho valle enseñándoles la Doctrina Cristiana, leer, escriuir, contar y castellano”. Hau da hizkuntzaren irakaskuntzari buruz Bailarako udal-aktetan topatu dugun lehen datua. Ziurrenik aipamenak azkeneko urteetan umeei gaztelaniaz irakasteko helburuak oso zorrotz betetzen ez zirela aditzera eman nahi du. Lanean ardura gehiegi ez jartzearen inguruko salaketak ez dira ezohikoak. Errenterian, adibidez, halako egoera mende t’erdi lehenago dugu, 1547an.
Frantzisko Juanaberria maisua
1704ko abenduaren 6an Oiartzungo udalbatzak Frantzisko Juanaberria Urnietako eskola-maisuarekin hitzarmena egin zuen. Maisuaren betebeharrak ez ziren soilik idazten, irakurtzen eta zenbatzen erakustea; hezibide eta portaera onak sustatzeko kontuak ere bazeuden: pertsona nagusiak pasatzerakoan kapela kentzea, birao egiten zutenei zigorrak jartzea eta, hezkuntza zorrotz eta gogor baten isla moduan, eskolan ondo zihoazenei laudoriorik ez egitea…
Hasieran, Juanaberriaren baldintzetan dotrina euskaraz ematea adosten da: “
y podrá mandar a un muchacho que sepa bien, diga las oraciones, a la mañana en bascuenze y a la tarde en romance”. Beherago ordea, jarrera hau jazarpen bihurtzen da. Maisuaren egitekoen artean, umeei, eskolan ez ezik, kalean euskaraz hitz egitearen debekua gogoraraztea eta hori bideratzea dago: “
El berano, desde marzo asta los húltimos de septiembre, yrá el maestro a la escuela a las siete de la mañana y podrá salir como arriua está dicho. Y a la hora de salir les dará orden para que ninguno able bascuenze, y que los acusadores tengan también particular cuydado para auisar al maestro quiénes hablan”.
Azken hau zein dotrina euskaraz ematea Juanaberriak udalbatzari aurkeztu zion plangintzan azaltzen dira. Herriko gobernuaren esku zegoen horiek onartzea. Oiartzungo agintariek begi onez ikusi zuten, behin-betiko adostutako neurrietan honakoa jarri baitzuten: “
2. Yten, que les aya de enseñar a los muchachachos [sic] que asistieren a él a leer, escriuir, contar y dotrina christiana, yntroitos y romanze, dándoles para ello los acusadores y palillos que combengan para mayor cuydado y vijilancia, de manera que los dichos muchachos dentro de la escuela y fuera de ella, en las plazas y calles, no ayan de hablar vascuenze sino castellano vnos con otros, poniéndoles para ello penas, acusadores y palillo”.
Ordurako salatari eta zigorren dinamika martxan zegoen. Bailararen kasuan eraztuna, zotz edo “makiltxoa”. Oiartzungo kasuak gauza bat agerian uzten du: zigortu eta debekatu beharrekoen artean euskararen erabilera zegoela eta jazarpenaren izaera goiztiarra.
Euskararen inguruko neurriak XVI. mende erdialdetik eman ziren. Batzar Nagusietan prokuradore izateko gaztelania, irakurtzen eta idazten jakin behar zen. Izatez, ez da euskararen aurkako jarrera, elitizazioa eta gobernuaren partaidetza ixteko saiakera baizik, ia osotasunean euskaldun elebakar eta alfabetatugabea zen lurralde batean. Neurri hauek herrietan pixkanaka ezarri ziren, teorian, askotan ez baitziren bete. Denbora igaro ahala gaztelaniari geroz eta garrantzia handiagoa ematen hasi zitzaion, maisuei eskolak hizkuntza horretan ematea agindu zitzaielarik. Halako erabakiek borbondarren politika zentralistarekin lotura estua dute. 1704a Ondorengotza Gerraren garaia da. Testuinguru horretan hezkuntza eta jazarpen politikak abiaraztea zaila zen.
Oiartzunen ikusten duguna XVII. mende amaieran indarrean zer nolako ideia, proposamen eta ekimen zeuden da. Minez ikusten ditugun neurriak euskaldunek beraiek (edo, hobe esanda, udalek) sustatu zituzten, hein batean bada ere.