1.080
KALE KANTOITIK
Gustukoa dut laneko aulkian eserita nagoela, ideiek eta inspirazioak ihes egiten didatenean, aulkiari eragin eta bueltak eta bueltak ematea, nire buruaren ardatzarekiko, zer asma!
Eserita nagoen aulkitik mugitu ere egin gabe ikus dezaket bizitza ikuspuntu batetik, eta buelta erdira bizitzaren beste errealitate bat zabaltzen ari zait begien aurrean. Lekutik mugitu ere egin gabe! Pareko ariketa egitea otu zait, baina nire bizitzarekiko ardaztutako birak ematen saiatuko naiz oraingoan. Bira erdia eman eta jada atzean geratu zaidan bizitzari begira geratu naiz.
Ume ikusi dut neure burua, han kearen eta zarataren erdian. Kea lantegietatik eta poliziek jaurtitako ke poteetatik dator. Zarata, kalean edonon dabiltzan kotxeena eta sirena hotsena da. Izan ere, gure ume garaiak ez ziren oso bukolikoak izan.
Ume begiekin ikusi ditut berriro Herriko Plazako batzar jendetsuak. Herri borrokalari bateko umeak gara, zalantzarik gabe. Borroka haiei esker, hein handian, egongo dira urbanizatuta gure auzoak, lantegiak zeuden lekuan ditugu plazak, oinezkoentzako herri bizigarriagoa bihurtu da eta eskuratu dugu dugun ongizatea. Umetan ikusitako manifestazio haiei begira nago. Urlia, sandia eta berendia ezagutu ditut jende artean, borrokan.
Bira erdia emateko adina eragin diot aulkiari. Eta Orereta zertan bilakatu den begira geratu naiz. Herri txukuna agertu zait begien aurrera. Lehen begiratuan harmoniatsua dirudi, gustura bizi daitekeen leku horietako bat. Borrokalari haiei esker, segur aski.
Astelehenero, Herriko Plazara batzarra egitera bueltatzen jarraitzen duen talde ugaria ikusi dut, jarraian. Ondoren, aurretik milaka aldiz egin bezala, manifestazioan doaz zerbaiten eske. Aldarrien gainetik zenbaki bat ikusi dut: 1.080.
Gure zaharrek beren borrokarekin, lanarekin eta lansariekin gure herriak azken hamarkadetan izan duen garapena sustatu dute. Ederki irabazita dute, beraz, 1.080 euroko pentsioa!
Norbaitek, oraindik, bene-benetan, zalantza egiten du ba ote dagoen dirurik pentsiodun eta erretiratuei beharrezko duintasunez bizitzeko gutxieneko 1.080 euroko pentsioa ordaintzeko? Maila eta zorroztasun bereko zalantza ote dute errege-etxea edota gastu militarrak ordaintzeko dirurik ba ote dagoen pentsatzen duenean, adibidez?
Iruñeko kale bateko horman ikusi nuen idatzirik: «Krisitik irten gara pobrezian sartzeko». Borrokatu beharko dugu etorkizun petral horren kontra!
Pentsiodunen manifestazioari begiratu diot. Urlia, sandia eta berendia ezagutu ditut. Orain, 40 urte gehiago dituzte. Hala ere, borrokan jarraitzen dute. Ez hainbeste beren zilborrei begira, baizik eta, batez ere, gure etorkizunaz, atzetik gatozenenaz, kezkaturik. Bira erdia eman eta gazteak ikusi ditut ke eta zarata artean borrokan. Beste bira erdia eman eta pentsiodunak ikusi ditut: «Jubilatu ziren, baina ez dira erretiratu», alajaina!
Batzuei bizitza osoan, orain eta lehen, borroka egitea egokitu zaie. Eskerrik asko urlia, sandia eta berendia zuen borrokagatik!