100 urtez gerrak handitzen
Gerra guztiak amaituko zituen gerra zelakoan zeuden: Gerra Guztien Ama, Gerren Gerra, Gerra Handia. Izen horiek eman zizkioten. Gero Lehen Mundu Gerra deituko zutena, 1914ko uztailaren 28tik 1918ko azaroaren 11ra luzatu zen.
Europako Gerra esan ziotenaren giroa lurrarekin eta ekonomiarekin zerikusia zuten Europako inperio eta estatu indartsuenen arteko lehiek sortu zuten. Baina europarzentrismoak jota, Europa munduaren zilbortzat hartuta, Lehen Mundu Gerra deitu zuten, bigarrena hastea erabaki zutenean. Mundua Europa baino zabalagoa eta luzeagoa ez balitz bezala!
Esan digute Euskal Herriak ez zuela parterik hartu gerra hartan, neutrala izan zela. Espainiarzentrismoak jota, Euskal Herri osoa neutrala izan zelakoan geunden. Euskal herritarrok gure artean zer-nolako zatiketa dugun jabetzeko adibide aparta da. Izan ere, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako herritarrek ez zuten gerran parte hartu; Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarrek ez bezala: haiek bai, haiek larrutik ordaindu zuten gerra.
Frantziako estatuak hartutako erabakira loturik geratu ziren, eta Lehen Mundu Gerrako guda lekuetara joan ziren Frantziaren alde borrokatzera. Soldadu deitu zituzten 18 eta 45 urte bitarteko gizon denak: 6.000 hil egin ziren gerran. Herriak eta baserriak lanerako onak ziren gizonez hustu ziren —Gaindegiaren arabera, 20 eta 44 urte arteko 28.325 gizon daude egun—. Belaunaldi oso bat desagertu zen gerra horretan.
Frantzia defendatzera joan ziren haietako askok ez zekiten frantsesez. Eta, antza, horixe izan zen haietako askoren heriotzaren arrazoia: frantsesa jakin ez eta aginduak ulertu ez izana. Hala, Morts pour la patrie bihurtu ziren. Horregatik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herri guztietan, Frantziako Estatuko gainerakoetan bezalaxe, «Combattants morts pour la patrie» dioten plakak ikusiko dituzu herriko plazetako gerra monumentuetan, eta plakarekin, gerran hildako herriko guztien izena zerrendan.
Guk ohitura dugu zerrenda horiek irakurtzeko. Erraz ohartzen da bat gerra hura zenbateraino izan zen ankerra. Herri txikienak ere hildako zerrenda luzea du. Askotan etxe bakoitzetik bat baino gehiago dira hildakoak. Ispilu gordina dira herri haientzat gerra izan zen tragedia antzemateko.
Gerra hark izan zuen beste ondorio latzik Euskal Herriarentzako, ordea: herritarrak erabat frantsestu zituen. Frantziaren aldeko propaganda mezuak barreneraino sartu ziren.
Eta alde honetakoak? Historiako liburuek diotena diotela, izan zuten ere bere iritzia gerrarekiko. Herrikide genuen Joxepa Anttoni Aranberri Petriarena bertsolariak, Xenpelarren ilobak, 1917an Gerra europeari jarriyak bertso sorta idatzi zuen. Horrela zioen: Gerr’au asi zanian/ez genduen uste/luzatuko zuela/gauzak onenbeste/ez ogei ta bi egun/juan dia iru urte/Jesus eta Maria/urrikal zaitezte.
Eta ofizialki neutralak izan arren, beste bi bertso hauetan garbi ikus liteke berak bazituela aldekoak eta kontrakoak. Inglaterrari bertso sortan zioen: Etzera uste bezin altsua/ez da zuria, ez itsasoa/arriya tira, goraka besua/orain artian ibilli zea/orgullosua.
Alemaniari izenekoan, berriz: Gerra batian oinbeste kalte/aurreko zarrak ezetz diyote/sentimentuan artzen det parte/pakia nere partetikan/deseo nuke. Eta beste batean jarraitu zuen: Zazpi naziyo alemanari/gutxienian kontra dia ari/zer da izutzen ez den kasta ori?/sumarinuak erakutsiak/dauzka igari.
Gerra hura ezagutu zutenek uste zuten hura zela gizakiok antola genezakeen sarraski handiena. Eta hara, ordutik joan diren 100 urteetan zer neurrikoak egin ditugun: 1914an gerrate haren gaiztokeriaren aurrean, hitzak ia agorturik, Gerra Handia esan zioten; handitasuna zein handia izan daitekeen imajinatu ezinik.