1936ko irailak 7
Katin Txiki elkarteak idatzia partekatu du. Gaur duela 85 urte, Domingo Belaunzaran Zapirain eta Segundo Lekuona Albistur fusilatu zituzten.
Katin Txiki elkarteak orain dela 85 urteko fusilamenduei buruzko idatzia partekatu du. Bi oiartzuar fusilatu zituzten faxistek, iratzargailu bat lapurtzea egotzita. Hona hemen kontakizuna:
Espainiako altxamentua 1936ko Uztailaren 18an hasi bazen ere, Francoren tropak (Beorlegui koronelaren aginduetara) Uztailaren 23an sartu ziren Oiartzunera. Euskal Herriko inbasioa hasi zen. Domingo Belaunzaran Zapirain eta Segundo Lekuona Albistur izan ziren fusilatu zituzten lehenengoetakoak.
Besterik gabe, Domingo eta Segundo Iyeru baserrira hurbildu ziren suak hartu zuela jakinda ea nola geratu zen ikustera (Iyeru Segundoren jaiotetxea zen). Barrios koronela bizi zen etxe aurretik pasa ziren eta hori izan zen salaketaren oinarria. Alegia, Barrios koronelaren etxetik Iratzargailu bat lapurtu zutela. Alegia sakeoa egin zutela. Bai, iratzargailu hori desagertua zegoen, bertan zegoen soldadu batek harrapatu zuelako.
Berehalako epaiketa baten ondorioz biak heriotz zigorrera zigortu zituzten. Ergoienen zegoen kartzelara eraman eta hurrengo egunean, oiartzuarren aurrean (Herri osoa deitu zuten fusilaketa ikusteko) fusilatu zituzten Altzibarreko Klarene plazan.
Plaza jendez bete zuten. Haur, atton eta herritarrek ikusi zuten bere gordinean fusilaketa.
36ko gerran gertatutako fusilaketa latz eta gordinenetakoa izan zen jendearen aurrean gauzatu zelako, izua eta zer zetorkiena adierazteko besterik gabe.
Segundok eta Domingok ez zuten lapurreta horrekin zerikusirik izan, baina abertzaleen semeei beldurra sartu behar zitzaien eta mendekuaren biktimak izan ziren.
Iratzargailua geroago azaldu zen Zumarragan zegoen soldadu batek bueltatua fusilaketaren berri izan zuenean.
Hara hemen Joakina Artolak aitortzen duena Iratzargailu horren inguruan gertatu zena azalduz.
JOAKINA ARTOLA
“Iyeru in zen erre erabat, ta bakizu, lengo etxe zarrak dena eurra ta pareta zar bat bakarra geldittu zen. Ta itxi hoi eroya ta nonbatte esan yote Xeundoi “Xeundo Itxia dena erre duk, Iyeru!”
Orduko itxetik alde iñak eongo zian?
Bai, ateriak ta itxia hutsa. Eta Iyeru-kuak esan omen ziyon bere kuñadu berrai, Gartxitenekuai, “Ikusi nahi nikek ba gue itxe hoi nola geldittu den ta goazemak”. Ikusi omen zuten ta ezer ez, goyak bia jua ta jira ta jon omen zin.
Biyen bitartian ondoko itxian, Barrios militarran itxian, soldadu bat sartu da ta harrek hartua izango zen noski despertadoria, nik ez nun ikusi biño, eta despertadoria faltatu ziyola militarrak ta hoin lana zela. Ta ezetz ta bayetz, ta hor eaman ttuzte Altzibarko plaza gaxuak afusillatzeko. Afusillatzeko jarri omen ttuzte ta konfesatzeko apaiza Don Jose Luis Lekuona eta konfesatu omen zittun eta esan omen zun “Estos no han robau ningún despertador, ya se han confesau y estos no han sido”, ta `pin-pan! pin-pan! ́ eman ta hor bota omen zittuzten gaxuak. Bat altxatzen e hasi omen zen gaxua!
Bai, ta geo biali naute gue itxian Ugaldetxoa ogi billa. Ta hartu nun hiru librako ogiya ta euri erasuak hor ekin nau, ta Azalene-ko aurrian dena sasiya zen ta sasi tartian bano ba ta ikaragarrizko karraxiyak Barriosenin. Emakumiak eta atzetikan gizona ejuka. “¡Si, tú has mandau a fusilar a dos hijos del pueblo por el depertador! Y el despertador ya te han mandau a casa” ta esan nun “Ui ama!” aittu nun despertadoriangatik hil zittuztela ta au re bai aldugu? Ta itxea jon nitzan ta esan niyon amai “Ama! Hola ta hola!” “Ixillik zaude, hurrengua zu eamango zattuzte ta! Etzazu geo ezer esan!” “Esango dut ba!”.
Bai ta hua gozin plaza jon zenin esniakin, ez esateko ordena nun biño, nik e hamalau urte banittun eta hango neskamiakin konfiantza banun, ta jon naz ba eta esan niyon “Zeles, ¿qué ha pasau aquí ayer?” ta “¿Cómo sabes?” “Estaba ahí y esto y esto”. “Sí, resulta que querían zapatos para los niños y les dió dinero y se fueron al bingo y perideron el dinero”, Barrios militarran emaztia ta bere ahizpa “y vinieron sin zapatos” eta klaro, militarra akordatu zenin goizin aber zapatak umianak ta zapatik etzutela ekarri. Ta dirua? Diruik ezta. Bi emakumiak aurretik ta hura atzetik seika ibilli omen zila itxian ta ordun esan zin “el despertador, cuando se enteraron que habían fusilau a dos chicos en Oyarzun mandaron desde el frente de Zumarraga, y mira el despertador”.
Despertadoria bi patita hola, redondua ta gañin zintzarriya izaten zuten ta holako pitorrito bat, txanpiñoi bat bezela gañin. Despertadori hua nik eskuan ibilli nun ta esan niyon “Jangoikuan izenian! Ta gizonak hil zittuzten honengatikan?”. Ez, ez, por un “¡Quítate de aquí!” itten zuten, nazionalixta zela ta hil itten zuten”.
RUFINO ARBELAITZ Olalde Fusilaketaren lekukoa
“Hemen ikusi genuen nola egin zituzten hemendik hartu eta gero horra eraman, autotik aterata.
Hona autoren batean ekarri zituzten, ziur asko Ergoiendik ekarriak edo horrelakoren bat izango zirela. Haiek hemen jarri zituztela, behintzat, begiak estalita.
Don Jose Luis apaiza eta Errotaberriko iloba kapitain militarra eta biak zirela.
Han jarri eta benga, deskarga! Irundarreneko petrilaren gainean gu hiru mutil kozkor. Eta hura ikusi eta gero martxa ogi bila kalera. Beheko ostatuko paretan hil zituen sei edo zortzi erreketeko pelotoia.”
Euskal Herrian, nonbait faxisten errepresioa pairatu behar izan zutenen adibide bat.
ANTTONI ALDALURRIA Ergoingo Etxenagusia-n bizi zena
“Iyeru-kua, mutil bat ikusi nun nik hor zea, pilarmonika ttiki bat bazen Tolaren eta soinua jotzen ta hantxen, oyan gañian exeita jarrita. Han gure etxian, ganbaran, Etxenagusin. Eta beste laun batek esan zun: “bai baldin baleki gizajuk zer in ber dun” eta nik esan niyon “zer ba?”. “Hoi hiltzea eaman ber tten bihar!” eta “alde in zazu hortik!”. “Bai! Pikoketako soroa”, esan zun. Eta Pikoketako soroa eaman men zuten hiltzea. Iyeru-kua zen, mutila oso politta zen. Gañekun zenbat preso edo ez dakit, miño hura goguan dakat beti.”
(Oharra: Mutil hori Altzibarko plazan hil zuten Gartxitenekoarekin batera, eta ez Pikoketan).