2000 + 20
KALE KANTOITIK
Sarritan esaten zidan lagunak ume zelarik 2000. urtean plater hegalarietan ibiliko ginela imajinatzen zuela. Muga hori gainditu genuen, aspaldi. Eta, tarteka, irudikatu zuen hura ez betetzeak sortzen dion nolabaiteko desilusioa helarazten dit.
Bere ametsei ipini zion mugarri hartatik hogei urte igaro diren honetan, hasi berria dugun urtearen egun hauetako batean, berriro aipatu dit kontua. Leihotik begira zegoela «hara, horiek izango dira, akaso, nik imajinatu nituen plater hegalariak!» esan zidan.
Jakin-minez hurbildu nintzen ni ere leihora, egia esan, zer begiztatu ote zuen ikusteko irrikaz. Han, etxe aurreko hondakin-edukiontzien aldamenean, zabor biltzailearen orga moñoñoa ikusi nuen.
Ziur naiz garai bateko Pekin lantegitik goraxeago (gaur egungo Pontika auzo inguruan) zegoen Sacarras zabortegira zabor-orgak eramaten zituzten langileen irudimen ahalmena gaindituko luketela gure begien aurrean ziren orga haiek. Sekula imajinatu bazituzten, behintzat, 2020an izango ziren zabor-orgak.
Orduko orga haiek, bi gurpil eta tapak zituzten, oraingoen moduan; haiek ere soinua egiten zuten, kanpaitxo bat baitzuten jendea ohar zedin bazetozela… alde nabarmenena, ordea, zerk mugiarazten dituen izango da: lehengoak mando batek tiratzen zituen eta gaur egungoak, berriz, argindarrak. Apustu egingo nuke harrapatuko lituzketela gaurko hauek orduko zabor biltzaile haiek!
Pentsakor geratu zen laguna leiho ondoan. Ez dit kontatu bere umetako ametsari epemuga berria jarri dion ala betirako baztertu duen: gu plater-hegalarietan ibiltzea denbora kontua den soilik. ala umetan imajinatzen ditugun erdi gertaera erdi ameskeria gisa hartzera konformatuko den. Ez dakit, heldua den honetan, plater-hegalarien gainean imajinatzen ote gaituen noizbait.
Lagunari begira, ni ere nire buruari galdezka hasi nintzen nondik-nora iritsi ote ziren pentsamendu horiek guztiak nire baitara. Berehala ekarri nuen burura nola Urte Zaharraren hondarrean, urte aldaketaz gain, hamarkada aldaketa ere tokatzen zela. Horretaz ohartu gabe nengoen.
Lagunak plater-hegalariak joan den mendean eta joan den milurtekoan imajinatu zituen. Denbora ez da alferrik joaten. Izan ere, gutako gehientsuenok urte, hamarkada, mende eta milurteko aldaketak ezagutu ditugula esan dezakegu. Oraingoz, mundura etorri garenen artean koska gehien konta ditzagunak izango gara: oraingoz eta puska batean.
XXI. mendeko 20ko hamarkada hasiera honetan, izendapenak gure garaia gertaera intergalaktikoekin konektatzera tentatzen gaituen arren, lehengo mendetik eta lehengo milurtetik kartzelan preso jarraitzen duten lagunak daude etxetik urrun. Joan den mendean eta milurtean egiten genuen bezala, urtarrila honetan ere Bilbon eta Baionan izan gara, adierazteko milurte berriko bigarren hamarkadan badela garaia guztiak etxera itzuli eta garaiarekin egokiago bat egiten duen eran bizitzeko.
Nik ez dut imajinatu nahi presoak etxera plater-hegalarietan etorriko direla. Ez dut imajinatu nahi ere ez, plater-hegalarietan joango garenik urruneko kartzeletara haiek bisitatzera —aitortu behar badut ere bidaia asko erraztuko lukeela—. Badaezpada, plater-hegalariak agertu aurretik, datozela etxera!