#47: irten bidera
KALE KANTOITIK
40; 9; 4; 2; 18; 38; 25; 125; 8; 47; 601; 5; 117.600; 1; 11/13; 16; 13,5; 15; 14,5; 8; 14; 12; 8; 20,5; 17; 11; 350.000; X; 2011; 2013; 2014; 2019-09-16…
Oxala, aurreko hori zenbaki segida soil bat balitz; zifrek, matematikaren zientziak eman dien esanahia besterik izango ez balute.
Tamalez, ordea, egunero idazten ari garen historiaren liburuan, munduko mapan behingoz marraztea lortzen ez dugun herri txiki honen historiaren liburuan, esanahi beldurgarria izango dute aurrerantzean.
Irailaren 16an, heldu den astelehenean, Espainiako Audientzia Nazionalean, 47 euskal herritarren aurkako makroepaiketa hasiko da.
11/13 izena jarri dioten makrosumarioak 5 pieza ditu, eta euskal preso politikoen eskubideen aldeko hainbat babes taldeetako kideak epaitzea eta zigortzea du helburu, batik bat.
Makroamesgaiztoari 2013an eman zitzaion hasiera. Orduko hartan, Guardia Zibilak, 18 lagun atxilotu zituen eta 38 web orrialde eta 125na Twitter eta Facebook kontu itxi zituen. Urtebete geroago, 2014an, beste 8 lagun atxilotu zituen polizia berak. 2015ean egin zuen azken operazioa. ETAk, 2011n iragarria zuen jardun armatua behin betiko utzi zuela. Testuinguru horretan, Euskal Herrirako zabaldu zen garai berrian, pertsona horiek lanean ari ziren preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko, konbentzimendu osoa baitzuten hori zela ekarpenik positiboena benetako elkarbizitza eta bake agertoki iraunkor bat eraikitzeko.
47 dira epaituko dituzten euskal herritarrak, eta 601 urte dira haientzat guztientzat eskatu dituzten kartzela zigor urteak. Kartzela eskaera urteak hainbat multzotan banatu dituzte: 11; 12; 13,5; 14; 14,5; 15; 17 eta zigor eskari handiena, 20,5 urtekoa, lagun batentzat.
Dirutan ere eman nahi diete zigorra, 117.600 euro, hain zuzen. Eta epaiketari aurre egiteko 350.000 euro beharko direla aurreikusten da.
Eragiketa matematiko askotan bezala, ekuazio maltzur eta beltz honetan ere bada X zenbakia. Horren atzean, ezkutuan dago —eta ezkutuan geratuko da, seguruenik, betirako— tragedia honek zuzenean eragingo dien lagun kopurua.
Horietatik ia 40k 18 urtetik bera dituzte eta auzipetuko dituztenen semea edo alaba dira, adin txikikoak: erdiek baino gehiagok, 25ek, 0-6 urte bitartean dituzte; 7tik 12 urtera dituzte 9k; 13-18 urte artekoak dira 4. Gainera, horietako 2k, gaixotasun larriak dituzte edota zaintza bereziak behar dituzte. Hainbat dira, bestalde, 18 urte bete berriak dituztenak.
X-ren atzean ezkutuan geratuko da, era berean, beren etxekoentzat eta lagunentzat zenbat izan diren dagoeneko, zenbat izango diren epaiketaren ingurumarian, eta zigortzen badituzte izan daitezkeen kilometroen eta bidaia orduen kopurua. Zer zenbaki behar ote da mendeku gosea zenbatzeko?
Izena eta izana dituzten euskal herritarrak dira. Gure eskualdean 2 lagun dira: oreretarra 1, Manu Ugartemendia; eta oiartzuarra beste 1, Onintza Ostolaza.
Nik gehitu nahiko nuke zenbaki bat: ∞, eta letraz idatziko dut, gaizki ulerturik izan ez dadin: infinitua. Zenbaki guztiak barnehartzen dituen zenbaki hori da, hain justu, herri honek duen elkarbizitzarako, bakerako eta justiziarako grina zenbatzeko behar dudan zenbakia. Ez dut maltzurkeriaren zenbaki guztien batura egin nahi, handia izanagatik ere, ∞-ri kenduz gero, emaitzak ∞ izaten jarraituko du.
Epaitu nahi dituzten lagun horietako asko atera dira nire bidera: polizia operazioek, dispertsioak, elkartasunak, maitasunak, lankidetzak, herri honentzat etorkizun hobeago baten aldeko borrokak, eta abarrek nire bizitzako ateak jo dituzten bakoitzean.
Bihar, larunbata, hitzordua dugu denok Bilbon. Infinituari eutsi behar baitiogu denon artean. Jon Maia bertsolariak biharko egin duen deian dioen bezala: «Bihur dezagun iraganera eraman nahi gaituen epaiketa hau etorkizuneko ate. Irten bidera. Askatu dezagun etorkizuna, guztion erronka da».
Zatoz zu ere, irten bidera!