Agenda berrian idatz dezakeguna
Listo. Itzali dituzte argiak. Egutegiak aginduta amaitu dira magia, koloretako apaingarriz jositako zuhaitzak, paper distiratsuetan bildu eta lazo handiekin lotutako opariak, zorion agurrak, desio onen erretorikak, turroiak, kaleetako kantuak… Olentzero mendiko bere txabolara eta Errege Magoak ekialdeko lurralde urrunetara erretiratu dira Eguberritako zalaparta guztiarekin. Heldu den urtera arte.
Argiak itzaltzearekin batera, ordea, zain-zain zeuden eguneroko kezkek eta buruhausteek berreskuratu dute Eguberritako espirituak kendutako lekua. Soberan geratutako turroi, mazapan eta gozo guztiarekin zer egin erabaki ezinik ibiliko gara. Gainera, nonahi ikusi genituen loteriaren iragarkiak madarikatuko ditugu gure poltsiko hutsei begira. Sosik ez aurten ere. Erraza zirudien, bada, kontuak! Hemengo eta hango zenbakiak pilatu, eta itxaron ume ahots harek eskutan genuen zenbakia kantatu arte. Gero, zoriona. Erraz irudika genezakeen geure burua esne mamitan betirako. Zenbaki guztiek omen dituzte aukera berberak. Matematika omen. Baina ez etxepean, ez oporretako lekuan erositako zenbakia, ezta tokirik exotikoenetik ekarritakoa ere. Bat ere ez. Zer den ez matematika, ez zoria, ez txiripa, ez ezer alde izatea!
Duela urte batzuk gizon batek esan zigun hari urtero egokitzen zitzaiola loteria, urtero jokatutako guztia tokatzen zitzaiola. Eta intsumisioak, Espainiako Loteria Nazionalari egiten diogun intsumisioak beti saria duela ohartu ginen. Behingoz, sikiera. Hain da gogorra, zaila, deserosoa, garestia euskalduna izatea eta desobedientzia muturreraino eramatea. Baina, hara, desobedientziak loteriaren kasuan saria ziurra du.
Ordutik, jarritakoa egokitu zaigu urtero. Badu bere emozioa jendea entzutea esaten hainbeste jokatua zuela loterian eta ez zaiola ezertxo ere egokitu. «Hainbesteko hori egokitu zaigu guri», pentsatzen dugu guk, diru mordoska bat azkenerako. Hala ere, aho txikiarekin aitortu behar dut zenbait mementutan ez dela samurra izaten: laneko denak, zu izan ezik, bakoitza bere zenbaki zatiarekin ikusten dituzunean, eta egokituz gero lanera zuk bakarrik itzuli beharko duzula irudikatzerakoan, esaterako. Hori du bide errazetatik ez ibiltzea erabakitzeak. Matematika aldeko, baina, Espainiako loteriarekiko intsumisioan.
Eta orain, ajeak eta bestondoak astindu ezinik gabiltzan urteko lehen egun hauetan, aurrez aurre begira dugu urte berria, 2015a. Agenda estreinatu berriak zuri-zuri ditu oraindik orriak, ea zer eginbeharrez betetzen zaigun. Eutsi goiari, zuritasun hori aukerez betetako espazioa bilaka daiteke eta.
Berriro datoz Inauteriak, udaberriko oporrak, uda, Maddalen Jaiak, egun eta gau epelak, lagunekin urteroko parrandak, familiarekin edo aukeratzen duzunekin pasatzeko une goxoak, beste urte bat betetzea, dena dator berriro.
Eta urteroko hitzorduak aipatuta, urtero bezala Bilbora joango gara bihar. Bilboko kaleak beteko ditugu berriro. Urtero bezala, urtarrileko lehen igandean, Oiartzungo Elorsoro kiroldegia bete genuen bertso saioan. Urtero bezala, Bilboko bueltan joan beharreko azken aldia izatea desiratuko dugu. Bertso saiotik atera ginenean bezala, heldu den urtean aitzakia eta gaiak beste batzuk izan daitezela amestu genuelarik.
Izan ere, zenbait agendetan hainbat data inprimatuta datozela dirudi, berezkoak balituzkete gisan: urtarrileko lehen igandea Oiartzungo bertso saioa, eta Eguberriak ondorengo lehen larunbata kolapsatu delako mugitu ezin den Bilboko manifestazioa.
Politikoek eta jende askok denbora berriaz hitz egiten duten arren, ia 500 lagunek kartzeletan jarraitzen dute Euskal Herritik urrun, eta beste pare bat mila ezkutuan etxera noiz itzuliko. Agenda berriak horientzat guztientzat etxera itzultzeko data izatea desio. Baina hitzordu hori ez dakar berez idatzita agendak, guk geuk idatzi behar dugu: gure eskuz eta gure boligrafoz. Urte berri on denoi eta lanera!