Altzate: handira jokatzeko aukera!
KALE KANTOITIK
Jaiegunen tartean geratu zaigun larunbat euritsuan irten naiz kalera. Ezingo naiz urrun joan, gaur ez baitut herritik irteteko baimenik. Negu usaina dario egunari. Gorputza uzkurtu, eskuak poltsikotan sartu eta kokotsa berokiaren lepoaldetik behera ezkutatu dut. Urrutitik ikusi ditut Foru plazako lorategian iltzatutako txartelak. Banan-banan irakurtzeko denbora hartu dut: «Altzate herriarentzat», «Altzaten espekulaziorik ez, etxerik ez», «Iztieta zona inundable». Altzate… gure Urdaibai txikia izan zena!
Bidasotik Fisterra bitarteko Kantauri itsasertzak padura miresgarri eta aberatsak ditu: zenbat edertasun! Ahal dugunero, uda honetan azkenekoz, haietan barna galtzea maite dugu. Eta, aldiro, galdera bera sortzen da nire baitan: Oiartzun ibaiaren itsasoratzeak edertasun antzekoa izango zuen, zergatik utzi ote genuen galtzen? Liburu zaharretako grabatuetan ikus daiteke nolako parajeak ziren, meandroak, padurak, eta horrek, zer esango dizut, are gehiago sutzen nau. Historiarako izan zenaren lekuko mutu geratu dira.
Foru Plazan zabaldu berri duten denda dotorearen aurrean ipinita daude txartelak. Ez da kasualitatea, horixe baita Altzaten egin asmo dituzten etxeak saltzen dituen inmobiliaria. Altzate Berri izena izango du. Arrazoia eman beharko diot «berria ez da beti hobea» gogorarazten didan lagunari.
Etxera itzuli naizenean hasi dut Altzate gaineko ikerketa partikularra. Aho zabalik geratu naiz aurkitu dudanarekin. Altzatek bere padura izaera 1959an galdu zuen. «Interes orokorreko» argudioa eta «frankismoaren prozedurak» aplikatuta. Garai hartan, inguruko udalak aldaketaren aurka agertu omen ziren irmoki. Gero, badakizu zer etorri zen, Campsako bolborategia milaka lagunen etxepean.
Campsak alde egin zuenean bidoi erraldoi haiek eraitsi egin zituen. Ordutik, lurren salerosketa, ordenazioa eta kate luze bat izan dira. Diruaren eta espekulazioaren legeak agindu dute denbora horretan. Terrazadun etxe dotoreak egin nahi dituzte orain. Gutxi batzuen gozamenerako izango dira, ordea.
Errenteriako Udalaren orrian, Ingurumena atalean, Oiartzun ibaiaren inguruneko paisaiaren ekintza-plana aurkitu dut. Oso txosten interesgarria. Udalak eremu horretan egin nahi diren eskuhartzeak mugatzeko eta moldatzeko egin dituen lanaren eta ahaleginaren lekukoa da. Baina ez gaitezen engaina, etxeak eta hotelak egiteko egitasmoei heltzen jarraitzen dugun bitartean, ez da nahikoa izango Altzate salbatu eta padura berreskuratzen hasteko.
Oraingo honetan ez naiz ametsez ari, ezta utopiez ere. San Vicente de la Barquera (Kantabria) parean, Kantabriako autobideko zubi baten azpian, paisaia fantasmagoriko batek gure arreta bereganatuta, bertara jaitsi ginen azken udan. Marea gora zetorren eta itsasoko urak hartzen ari ziren eremuan ehundaka eukalipto biluzi ageri ziren. Bertako batek azaldu zigunez, duela bi urtetik hona, jauntxo bati emandako 100 urteko kontzesioa amaitu zela baliatuz, padura zen lur haiek lehortzeko eraiki zituzten eustormak eta ezpondak eraitsi eta itsasoko urak bere eremuaz jabetzen ari dira pixkanaka, padura bere hartara itzuliz.
Rubineko paduraz gain, beste leku gehiagotan antzeko eskuhartzeak egiten ari direla adierazi zigun, «ingurune lehengoratzea» deitzen diote.
Gurera itzuliz, eta jakinik instituzio, jabe, interes katramila neurrigabea egongo dela Altzaten atzean, herritarrongandik gertuen dagoen instituzioari, udalari, eskatu beharko genioke Altzateko padura interes orokorrengatik hil genuen bidetik, interes orokorrengatik berreskuratzeko, Altzaterekin dugun zor historikoa kitatzeko, alegia. Eta orain da unea. Basakeria hartatik 60 urte ondoren, ezin al da «ingurune lehengoratzea» egin Altzaten?
Handira jokatzeko unea da. Orain egiten dugu edo betirako galduko dugu. Altzate izan dadila itsasoarentzat eta herriarentzat, eta ez gutxi batzuentzat. Imajina dezakezu zenbat irabaziko lukeen herriak? Beste esparru batzuetan izan garen bezala, aitzindariak ginateke horretan ere. Galdetu herriari zer nahi duen Altzaterentzat. Hori bai litzatekeela politika aurrerakoi, herritar, jasangarri eta ingurunearekiko begirunezkoa eta ausarta.
Asko gustatu zait etxeen promozio bideoa. Azken irudian, barrenean Aiako harriak ageri diren terraza baten ilunabarreko bista bukolikoa ageri da. Ederra da, terraza adina lagunen esku egongo da, ordea. Haren alboan ipiniko ditut Urdaibai, Txingudi, Bedua eta beste hamaika padura, denen eskura leudekeenak.
Handira pentsatzeko eta ekiteko garaia da, ez dezagun aukera zapuztu. Auskalo zenbat urte barru arte ez den berriro pasako «interes orokorreko» trena.