Beste buelta bat
KALE KANTOITIK
Merezi du, dudarik gabe, beste buelta bat gehiago emateak. Beste bat, bederen… Ustea, ez da ustela izan. Izan ere, adinkideak ditudan hainbat lagunek, oreretarrak eta inguruko herritakoak ere bai, ez dituzte ahanzteko gaztaroan eman zituzten bueltak.
Tontodromoaren gainean hitz egin nizuenetik, ondoan edota aurrez aurre gurekin bueltak eman zituzten hainbat lagun hurbildu zaizkit. Denei sumatu diet konplizitateak begietan pizten duen dirdir berezi hori. Ezin zuenez beste era batera izan, horietako batzuk kalean topatu ditut, gazte garaian elkar topo egiten genuen gisara; eta, beste batzuk, berriz, birtualki topatu ditut, hodeietan marraztu omen ditugun sare horietako batean eskegita utzi dizkidaten mezuetan.
Ezin zitekeen beste modu batera izan. Aurrez aurrekoari, begietatik begietarako harremanari, harreman birtuala gailendu zaio garaiotan. Zenbat aldatu den jendea ezagutu eta jendearekin harremantzeko modua!
Izan da Tontodromoan, bueltak ematearen poderioz, sortutako bere maitasun istorioa kontatu didanik. Gaur egun arte irauten duten maitasun harreman sakonak. Izan da interesa piztu zion harengana hurbiltzeko erabili zituen kalkuluz betetako estrategia landuak kontatu dizkidanik. Izan da, besterik gabe, zirkuituko bazter batean eserita arratsaldeak pipitak janez, jendearen joan-etorriari so egoten zireneko kontuak, kris-kras, teknika landuan, orduak eta orduak pipitak janez. Horiek guztiek, beste askorekin batera, osatuko dituzte Tontodromoko historiak.
Hala ere, hurbildu zaidan inork ez du jakin esaten nork gonbidatuta ekin zion bueltak emateari, noiz utzi zion… eta, artean, ez dut lortu jakitea nola errotu zen Tontodromoaren ekimena, bueltak emateko ohitura, ezta ere nortzuk izan ziren azken buelta eman zutenak, nortzuk abandonatu ote zuten jada, seguruenik, jendez hustuta zetzan bidea.
Garai haiek, barrikadaz eta kez betetako egunak izan ziren. Kaleak, jendez lepo, bizi-bizi egoten zirenekoak. Gure garaiko soinu bandan orduantxe agertzen hasia zen euskara, Itoiz eta Hertzainak taldeen eskutik, besteen artean.
Hertzainak taldekoei kantatzen entzuten genien garaia duk motel, esaiok/ ez pentsa gehio, esaiok/ amodioaren aurrean egia lotsagabe esaten/ ikasi behar duk/ ia ba, esaiok/ ez pentsa gehio. Ez dakit, ostera, zenbateraino ulertzen genuen esan nahi zutena.
Orduan bezala, M8an gure herriko kaleak jendez gainezka ikusi genituen. Kaleak bete genituen gehienak emakumeak ginen. Erdigunea, bizitzaren erdigunea, okupatu nahi dugula esan genuen. Lehengo kontuak buruan, eta bizitzaren erdigunera joan nahi dugun honetan ikasi ote dugu, baina, egia lotsagabe esaten?
Imajinatu, egun batez bada ere, Tontodromoan bueltak emateari ekingo bagenio, zein berezia izango litzatekeen. Oroiminak jota baino jakin-minak jota diot, orain dakiguna jakinik…