Bidegurutze historikoan
KALE KANTOITIK
Maiatza arraro honetako zutabea idazteko OARSO BIDASOKO HITZAko leiho honetara ateratzera nindoala iritsi zait Zarauzko hondartza ederraren irudia: hondartza hutsa, itsasoa urdin eta izurdeak saltoka ur-ertzean jolasean.
Ez dakit zer egin zaidan ezohikoagoa, izurdeak gure hondartzan saltoka, maiatzeko egun epel eta eguzkitsuan hondartza hutsik ikustea…
Veneziako urak garden bihurtu omen dira, eta hutsik dauden kanal gaineko zubietatik marmokak ikus omen daitezke. Basurdeak nonahi ei dabiltza, Oiartzunen bidegorrian. Urrunago, Himalaia aldean, 50 kilometroko distantziatik ikusten omen da gogoan hartu ez nuen mendiaren gailurra. Gutxienez 25 urte omen dira bertakoek ikusten ez zutela. Gizakiontzat albiste triste eta aldrebesak baino ez dauden konfinamendu garai hauetan garai onak dira ingurumenarentzat.
Imajinatzen duzue gertatzen ari zaigun hau guztia ingurumena eta natura gure kontra elkar hartzearen ondorio izatea?
Erakargarria da konspirazioaren teoria. Sinesmen kontuak dira, bakoitzak barra-barra dabiltzan teoria horiek aintzat hartu nahi dituen ala ez erabaki beharrekoak. Baina bada egitate bat: gizakiok korrika norbera bere etxean babestu behar izan dugunean eta kaleetatik eta bazterretatik desagertu garenean, hasi dira urak eta aireak garbitzen. Bizitza udaberriarekin batera lehertu da munduan. Eta guk, gure kaiola erosoetako leihoetatik ikusi dugu munduak nola jarraitzen duen aurrera, gu gabe.
Aspalditxotik gizakiok jaun eta jabe eginda geunden planetaz lotsagabeki. Gainerako espezie guztiei gailenduta, mundua bidegabeki ustiatzen eta suntsitzen ari ginen. Biodibertsitatearen galera azkartua eta klima aldaketa eragiten ari ginen, gupidarik gabe. Eragingo ez zigulakoan!
Aspalditxotik esaten ari zen geroz eta jende gehiago gure jardun ero horrek bide laburra zuela. Izan ere, bizitza eta natura baziren gu mundura agertu aurretik eta gu gabe ere izango dira. Ezinbestekoak ginelakoan eta hara, gure harrokeria goitik behera jausia.
Gure eredu globalaren krisi sakon honek ingurunean eragindako ondorio positiboak begi bistan ditugu, baina normaltasunera itzultzen garenean desagertzeko arriskua dute.
Bi tributan banatzen ari gara: beren buruei ‘zer gertatuko da’ galdetzen diotenak, eta ‘zer egingo dugu’ galdetzen diotenak. Bidegurutze historiko batean jarri gaitu pandemiak: bide oker beretik jarraitu ala norabidea aldatu.
Pentsatu beharko genuke zein galdera egin beharko geniokeen gure buruari egoera honetara ekarri gaituzten akats larriak ez errepikatzeko eta etorkizun berri eta errespetuz beteago baten eraikuntzari modu egokian heltzeko.
Etorkizun horri ekiteko motxilan ezinbestekoak ditugu etxeratze aste hauetan gure artean loratzen ikusi ditugun elkartasuna eta elkar-zaintza. Abiatzeko moduan gara.
Beste argazki bat iritsi zait orain. Zigor Garro 22 urtez kartzelan egon ondoren, Oreretara iritsi denekoa. Besoak zabal-zabal ageri da, hegazkinen arrastorik gabeko zeru urdinari so. Askatasunaren irudi ederra da.
Ederrak dira Zarauzko izurdeen saltoak, Zigorren beso zabalen keinua… bietan ageri diren zeru urdin eta garbiak bezain, askatasuna bezain, ederrak. Denentzako etorkizuna izango den eredu berri bat eraiki dezakegu: zer egingo dugu?