Bizitza leihoaz bestalde
KALE KANTOITIK
Hilero HITZAko orrialdean marrazten dudan leiho honetatik badoan urteari begira jartzeko tenorea iritsi zait. Izan ere, zirriborratzen ari naizen hauek, zahartu den 2019ko urte honen azken hitzak izango dira.
Leiho honen atzealdetik ikusi eta idatzi ditut hilabetez hilabete hamaika kontu, orain ia ahaztuta ditudanak, gehienak. Azkar batean pasatzera doa beste urte bat, baina eguneroko zalaparta alde batera utzi, tarte bat hartu, eta hari begira jarriz gero, munduan, eta gure mundu txiki honetan ere bai, zenbat gauza gertatu diren ohartuko ginateke.
Esango nuke badoan urte honetan, batez ere, naturak akaso atzera bueltarik ez duen larrialdi klimatikoaren aurrez aurre jarri gaituela. Gurean ere izan genituen uholdeak, ikusgarriak. Eta entzun dugu ohartarazpena: gisa horretako hondamendiak gero eta bortitzagoak eta gero eta maizago izango dira. Bizitzeko dugun leku bakarra suntsitzera goaz, erremediorik gabe, aurki.
Eskubideek, giza eskubideek eta herrienak ere, jipoi ederrak jaso dituzte, bada, azkenetan den urte honetan. Emakumeak, pentsiodunak, langileak, bizitza hobeago baten bila itsasoak eta urruneko lurralde arrotzak zeharkatzea beste aukerarik ez dutenak, latinoamerikarrak, kataluniarrak, euskaldunak, Europako eta munduko beste herri txikiak… Zenbat bidegabekeria eta eskubide urraketa bazterretan!
Aspaldi etxean behar zuten lagunek erbestean eta urruneko kartzeletan preso jarraitu dute urte honetan ere. Haien etxekoentzat eta lagunentzat egunak gaua denean hasten jarraitu du, etxetik urrun, errepideko marra zuriei segika milaka kilometro osatu arte. Osasuna, denbora eta dirua xahutuz jarraitu die asfaltoak eta zentzugabeko dispertsio politikak. Legeak egin zituztenek jarraitu dute lege urratzaile nagusiak izaten, eta inork gutxik ulertzen du, artean, zergatik jarraitzen duten beren legea bete gabe, geroz eta argiago utziz duten mendeku gosea.
2020ko Euskaraldian murgildu gaitu urteak. Aste betez, ahobizi edo belarriprest txapa paparrean, begirada konplizeen bila arituko gara kalean, irribarre gertukoak banatu eta jasoz, euskaldunon komunitatea trinkotuz. Zenbat ateraldi ez ote ditugu asmatu beharko euskaldunok gure hizkuntzan bizitzeko eskubidea onar diezaguten!
HITZAko nire leihotik ikusi ditut horiek guztiak eta gehiago. Eta aurten galdera bat sortu zait barruan: nik paperezko leiho honetatik bizitzari begiratzen diodan moduan begiratzen ote dio Aitzol Gogorzak bizitzari bere etxeko leihotik, Gaztainotik, trenbideaz bestaldetik?
Apiriletik bizi da leiho horren atzean. Ankerkeriak eta zentzugabekeriak beste buelta bat eman eta, jarri zioten espetxe zigorra amaitu arte, etxetik ateratzera debekatu ziotenetik: 2027ra arte, hain zuzen.
Ia egunero pasatzen naiz leiho horren azpialdetik. Egunak pasa ahala, geroz eta ulergaitzagoa egiten zait XXI. mende honetan horrelako zigorrak indarrean egotea, oraindik: datozen 7 urtetan Aitzolek bizitzari etxeko leihoaren atzealdetik begiratu beharko dio. Nolakoa ote da bizitza leihoaz bestalde? Nola ikusten ote gaitu leihoaren alde horretatik leihoaz bestalde batera eta bestera gabiltzanok?
Jada ez dute burdinezko ateek mozten askatasunerako bidea, zure eta nire etxeko egurrezko ateen gisako batek baizik: itzela!
Gau hauetako batean pasako da Olentzero Aitzolen leiho azpitik. Errazena Aitzolen egoera konpon dezan eskatzea litzateke. Baina Olentzerok, naturak bezala, aspaldi esan zigun gure etorkizunaren eta gure bizitzen burujabe egin behar dugula, ardura hori hartzea zor dugula. Beraz, etorkizuna izango duen mundu baten alde borrokatzea besterik ez zaigu geratzen, edo hori dena. Aurtengoarenak egitera doa. Urte berriak itxaropena eta adorea ekar gaitzala: bizitzari leihoaren atzetik begiratzen jarraitu beharko dion Aitzoli; ziega ilunetan preso dituzten lagunei; gu bezala pasaportea hartu eta nahieran ibil ezin daitezkeenei; eta, nire antzera, bizitzari nahi dugun lekutik begiratzea hauta dezakegunoi. Etorkizuna izango duen mundu baten aldeko borrokan elkar ikus gaitezela… Urte berri on!