Erresistentziatik berreraiketara
KALE KANTOITIK
Bilboko konpartsetako presidenteak argi eta garbi definitu du jai ezak sortutako egoera: «Mari Jaia ez irtetea Olentzero ez etortzea bezalakoa da, sekulako tristura».
Historiarako geratuko da 2020ko udan santuak, eta santu ez direnak, ospakizunik gabe geratu izana. Inork imajina ote zezakeen jairik gabeko Euskal Herria? Bada, hara, errealitateak fikzioa gainditzen dueneko beste adibide bat.
Aurten oreretarroi hiriaren osaketaren 700. urteurrena ospatzea zegokigun, jakinik ere, Gaztelako erregeak Hiribildua osatzea agindu zuenerako aspaldi zutela oreretarrek beren herria hantxe antolatua. Egoerari egokituta –«dagoena dago» erresistentzia lema gidari–, ospakizun hori, Madalen jaietako beste hainbat ekitaldi bezala, sarearen bidez jaso ahal izan dugu. Noski ez dela gauza bera, baina telematikoki bada ere, gustura hartzen dira Zentenarioa-ren eta Diana-ren doinuak, eta Maialen eta Xantiren dantzak. Gauza guztiek omen dute beren alde ona, eta aurrez aurrekoa egokitu beharrak ere badu bere abantaila; nahi adina eta nahieran ikus eta entzun ditzakegu orain.
Bagenuen beste urteurren bat aurten ospatzeko, iazko uztailaren 19an 35 urte bete baitziren Kortatu musika talde gogoangarriak bere lehen kontzertua egin zuela Patxikuko zelaian. Ospatze aldera, aurtengo jaietan kontzertua eskaintzekoak ziren Udal Txistulari Bandarekin batera. Ezin izan da. Fermin Muguruza taldeko kidea ikusi dugu penari aurre eginez taldearentzat hain berezia zen ekitaldia datorren urteko jaietan egingo dutela iragarriz. Izan ere, esanahi berezia zuen kontzertuak, 35 urte bete baitira Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabea Pitti oreretarrak Martuteneko kartzelatik ihes egin zutela bozgorailuetan ezkutaturik –ederki gainditu zuen errealitateak fikzioa, beste behin!–. Zer nolako luxua Sarri, Sarri dantzatzea denok elkarrekin… hartu dizugu hitza, Fermin!
Ikusitakoak ikusita, tentagarria da bizitza arraroa bihurtu dela pentsatzea. Badut susmoa, ordea, bolada aldrebes bat baino aro aldaketa bat dela bizitzen ari garena. Pare-parera datorkit behin entzundako egi biribila: «Harri aroa ez zen amaitu harriak amaitu zirelako». Eta hara, lurrazalak harriz beteta jarraitu duen bitartean zenbat bizitzeko modu asmatu behar izan dituen gizakiak, zenbat aro etorri diren elkarren atzetik, segidan-segidan, eta hementxe jarraitzen dugu mundu honetan, aldatzen doan testuinguruari ahal den moduan erantzunez… Aro aldaketako ataka historikoan egon gintezke, genuenetik galtzea tokatzen zaigu datorkigun berria hartzeko.
Ingurumari horretan, ekilibrio ia ezinezkoa bilakatu da kutsatzea ekiditeko neurrien eta gure balio edo bizi eta jardute ohituren artean dantzan aritzea. Akaso, arraroa benetan, mundua hartzen ari den aldartean gure bizi ohiturei eustea izango da.
Bilbotik Olentzerori egin diote aipua. Mari Jaiaren antzera bere txabolan geratu beharko ote du aurten? Auskalo zer pentsatzen ari ote den… Hala ere, aitortu behar zaio errege magoek baino errazagoa izango duela, haiek hiru izanik zailagoa izango baitute urruntze sozialari eustea.
Egon lasai, Olentzerok jakingo du zer egin bere txanda heltzen denean. Guk, bitartean, biziraute fasean jarraitu beharko dugu, borrokan. Gutako batzuk ‘zer gertatuko den’ zain gauden bitartean, beste batzuk ‘zer egingo dugu’ asmatzen saiatzen ari direla.
Bizitza berreraikitze ahalegin horretan, Mugaritz jatetxeko Andoni Luis Adurizen hitzak itsasargi bikainak gerta dakizkigukete: «Berreraikitzeak amesten zenuena bilatu beharko luke, ez zenuena». Erresistentziatik berreraikitze fasera pasatzen garenean geure buruei galdetu beharko genieke zer den, benetan, berreraiki beharko genukeena.
Bien bitartean, ospa dezagun bizitza eta osasuna!