Etxebestetartuak
KALE KANTOITIK
«Errealitateak beti gainditzen du fikzioa, beti». Ez dakit noiz eta nori entzun nion esaldia, baina aitortu behar dut, entzun nuenetik, nirea egin dudala.
Urteak joan dira Aupa Etxebeste filma ikusi nuenetik. Ongi gogoan dut nola egunerokoaren korapiloak zinema atarian utzi eta filmaren argumentuaren absurduan murgildu eta barre algaraz aritu nintzen.
Filman, etxebestetarrek harrokeriaz agurtu zituzten beren bizilagunak oporretara zihoazela esanez. Herritik pixka bat urrutiratu, eta han, inork ikusten ez zituen zubi azpian, itxaron zuten gauaren konplizitateak etxeratzen lagundu zien arte.
Askotan datorkit burura eszena: etxebestetarren Mercedes beltz dotorearen bi argiak iluna zulatuz, zubi azpian, kieto! loak jendea noiz hartuko zain. Oraindik irribarrea datorkit ezpain ertzera Telmo Esnal eta Asier Altuna filmaren zuzendarien okurrentzia burura datorkidanean.
Iaz estreinatu zuten filmaren bigarren zatia, Agur Etxebeste. Ez dut ikusi. Pena. Horregatik, artean, ez dakit etxebestetarrek nola askatu zuten iragarri eta egin ezin zituzten oporren disimulurako antolatu zuten katramila hura.
Zinemagileek etxean konfinatutako familia baten gorabeherak hartu zituzten gidoitzat. Orain, zine zuzendarien irudimena eta fikzioa askogatik gainditu duen errealitateak etxean konfinatu gaitu etxebestetarrak, garciatarrak, jasalwatarrak, veltetarrak, xoroxlootarrak… mundu ia guztiko tarrak.
Oreretatik hasi eta Gurugú arte kaleak eta plazak hustu egin dira jendez. Maskaren atzean gorde dira irribarreak. Muxuak eta besarkadak debekatuta geratu dira inork ez daki zein egunera arte.
Gure leihotik hainbat dendetako erakusleihoak ikusten dira. Batzuk hutsik eta beste batzuetan neguan jantzitako jantziak erakusten dituzte manikiek. Denboran izoztuta geratu zen argazkia dirudi gure herriak.
Iluntzean, txaloak, bizilagunen baten musika emanaldia, eta Babes Zibileko sirena hotsak amatatzen direnean, isiltasun triste bat jabetzen da gure herriaz. Gustatzen zait gure leihotik begiratu eta beste leihoetan ikusten diren argi txiki bakanen bila aritzea. Itsasargi txiki modukoak dira, «hemen gaude» esaten.
Eta Aitzol Gogortza datorkit burura, nork esango zidan niri duela hilabete batzuk, haren bizimodua imajinatzeko ahalegina egin nuenean, bizitzak hainbeste hurbilduko ninduela konfinamendura? Eta Eider, Mikel, Olatz, Patxi… ikusten ote dute itsasargirik beren ziegetatik?
Leihoa eta balkoia bihurtu dira, dauzkagunok, munduarekin dugun zilborrestea. Izan ere, birusak berak ez badu ezberdintasunik egin aberats eta txiroen artean, sinesmendun eta sinesgabeen artean, antza, haren ondorioak, beste behin, ez dira maila berekoak izango denentzat.
Hainbat adituren ustez, aro berri bat hasteko beharrezkoa den krisia da hau. Gure bizimoduez eta gure bizi ohiturez gogoeta egiteko abagunea. Zer egingo dugu hau guztia amaitzen denean?
Une hori ere ez da erraza izango. Kezka, mina, sufrimendua eta beste hainbat sentimendu barreiatu dira gure bizitzan eta horiek kudeatu beharko ditugu erantzun berriekin. Horiek, akaso, gauza zailak dira, baina badira erabaki errazagoak. Herriko dendarien mezua iritsi zait, beste batzuen artean. Gure esku dago erosketak non egin, esaterako. Txiki garenon artean sortu den elkartasunak segida izan behar du hau guztia amaitzen denean. Txiki asko elkartzen bagara, gure indarra itzela izango da, liliput estrategia!
Bizitza, bizitza arraro hau, aurrez aurre begiratu eta «Errealitateak beti gainditzen du fikzioa» esaten ari zaigu, begi klika batez. Eutsi, hor kanpoan udaberri eder bat dugu-eta zain!