Etxekotuak
Kale kantoitik
Autobusez ekartzen omen zituzten. Hemendik autobusak eraman eta langileak izango ziren pertsonez betetako autobuskadak etortzen ziren bueltan, herri osoak hustutzen zituzten. Loratzen ari zen industria sektoreak eskulana behar zuen, hemen lor zitezkeenak baino langile askoz gehiago.
Gertaera ikaragarria izango zen hura. Pentsa, 1950ean Gipuzkoan 374.000 lagun zeuden erroldatuak; 1960an, berriz, %25 gehiago, 478.000; eta, 1970ean %32 handitu zen, 631.000 biztanle izateraino.
Las migraciones internas y su aportación al desarrollo de Gipuzkoa (1950-1975) lana argitaratu berri dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, EHUk eta Ramon Rubial Fundazioak. Lan horretan eginiko ikerketaren arabera, Lasarte-Oria, Irun, Orereta eta Zumarraga izan ziren etorkin haietatik gehien jaso zituztenak. Urte haietan gure herrian bizi ziren lagunetatik %38-35 Euskaditik kanpo etorritakoak omen ziren. Beste era batera esanda, garaiko populazioko hamar lagun hartuz gero, ia lau Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo jaiotakoak ziren.
Eta nondik etorri ziren lagun haiek guztiak? Bada, batez ere, Gaztela-Leonetik, Extremaduratik eta Nafarroatik.
Oreretara etorri ziren nafarrak, batik bat, Gaztaño auzoaren inguruan pilatu ziren, eta oreretarron gisara euskaraz jardun eta antzeko bizimodu eta ohiturak zituzten arren, Espainia aldetik etorritakoen multzoan sailkatu dituzte ikerketaren egileak. Euskaldunon ajeak!
Migrazio olatu haren ondorioz, Gipuzkoako gaur eguneko populazioaren erdia inguru Euskaditik kanpo (Euskal Autonomia Erkidegoa), batez ere Espainiatik eta Nafarroatik (bereizketa gure baratzeko baratxuria da!) 1950ko, 60ko, eta 70eko hamarkadetan etorritakoen ondorengoek osatzen dute.
Gure historia hurbileko pasartea da hori. Eta horrela kontatua, akaso, ez du ematen izan zuen konplexutasunaren zantzurik. Ikerketak dionez, prozesu korapilatsua izan zen hura, eta lehen unean bertakoek ez zuten begi onez ikusi, hainbat sektoretatik mehatxu modura ikusi omen zuten.
Liburuan ez dira mehatxatuta sentitu ahal izan ziren arloak aipatzen. Ez da zaila pentsatzea tartean izango zirela hirigintzakoak, kulturakoak eta euskaldunenak.
Izan ere, ez dirudi samurra izango zenik bat-bateko hazkunde hura antolatzen eta kudeatzen. Jende harek guztiak non bizi behar zuen, gutxienez. Oreretako gerri-buelta etxez eta auzo berriz beteta, mendian gora eraikitzen hasi ziren, dagoeneko mendiko txaboletan eta hustutako baserri zaharretan bizitzen hasi ziren jendeek teilatupea izan zezaten. Zer esan kultura talkaz, hizkuntza gatazkaz?
Orduan ere, jakin genuen egoerari erantzuten. Indar handiz sortu ziren auzo elkarteak, herrigintza, euskalduntzea eta hezkuntza arloan ikastolak, adibidez.
Errenteriako Udalak argitaratu berri duen Errenteriako emakumeen aztarnak: narrazioak liburuan haietako batzuk jasota daude: Nere Mujika Casaresena, Arantza Idiazabal Gorrotxategirena, Xebas Gelbentzu Olaizena eta Arantxa Erriondo Erzibengoarena. Haiek, beste batzuekin batera, ederki jakin zuten zubiak eraikitzen eta gurera etorritakoak etxekotzen: nor eta zer garen maitasunez eta adorez erakutsiz. Historiak ahanztear zituen emakumeak, bestalde.