Galdu genuen herria
KALE KANTOITIK
Batera gertatu dira, ia, bi gauzak. Batetik, Altzateko ingurua garbitu dutela ohartu naiz aste honetan. Etxe hutsa, lurrak eusteko diruditen harrizko hormak, eta hondeamakina horia eremuaren goialdean. Garbi-garbi ageri dira denak Kaputxino gainetik.
Bestetik, handik pare bat egunera, sare sozialen bidez, «Renteria tiempo atras. Fotos de Renteria antiguas», zioen mezua iritsi zitzaidan. Zabaldu, eta argazki mordoska ageri zen, Erdi Arotik hasi eta gure umetako garaietaraino. Batzuk lehendik ezagunak nituen, baina asko eta asko sekula ikusi gabekoak ziren. Patxadaz ikusteko bilduma interesgarria iruditu zitzaidan.
Lehen begiratu azkarrean, ia ahantzirik nuen irudia agertu zitzaidan. Egun gutxi lehenago ikusi nuen Altzateko eremu zabala Campsako bidoi erraldoiez beteta. Eta beste askotan bezala, gure oroimena zein motza den sentitu nuen.
Ume ginelarik, gure herriaren iruditegian lehenetakoa genuen argazkia izango zen hura: bidoi handi haiek Oreretako sarreran gu denok arrisku bizian jartzen. Tarteka, helduei entzuten genien esaten zeinen arriskutsuak ziren bidoi handi haiek. Guk, gero, entzundakoarekin gure kalkuluak egiten genituen. Bidoi misteriotsu haiek lehertuz gero, lehertuko ziren portuan omen zeuden beste biltegiak eta gero itsasontziak, atzetik eztanda egingo zuten inguruan ezagutzen genituen gasolindegi guztiak… sekulako desastrea, tira.
Iztieta auzotik urrun bizi ginen gu, errepide generalaren beste aldean. Akaso, horregatik izango zen, balizko leherketa haren mehatxua –—ume inozoak!—, pixka bat lausoagoa ikusten genuela.
Guretzat eta gure belaunaldiko gainerakoentzat, inguru haiek guztiek, sekula hurbiltzen ez ginen inguru ilun haiek, Campsa izena zuten. Ez dut gogoan noiz jakin genuen paraje haren benetako izena. Artean, asko izango dira Altzate entzun eta kokatzen jakingo ez dutenak. Lekuaren itxura aldaketarekin batera berreskuratzen ari da lehenago zuen leku izena. Ez da aldaketa txarra!
Oroimena omen den kutxaren azpi-azpian nituen ia egunotan imajinaezinak diruditen kontu horiek. Oreretak soilik 50.000 biztanletik hurbil izango zituen… zenbat jende bizitu ote ginen, gau eta egun, urtea joan eta urtea etorri, Campsako bidoien mehatxupean?
Kendu zituzten bidoiak eta Campsa Altzate bilakatu zen, berriro. Argazki gehiago ikusten jarraitu nuen, jada existitzen ez diren eraikuntzak eta orubeak, gehienak. ‘Galdu genuen herria’, pentsatu nuen. Baina ongi begiratuta, bidoi zahar haiek oroituta, galera guztiak ez dira txarrerako izan gure herriko historian.
Etorkizunera begira jarrita, ikara ematen du zer plan ariko diren prestatzen pentsatzeak. Tentagarria izango da lurzorua, ziur.
Altzateko etxearen horma zaharrak bilutsik ageri dira. Haren leiho-zuloetatik Jaizkibelen silueta antzeman daiteke. Gaur-gaurkoz, jausten ari den etxe hori da Oiartzun ibarreko lurzoru horiek kolonizatzen dituen mugarri urbanistiko bakarra. Garaiko bizilagunek haren leihoetatik ikusiko zituzten Orereta eta Lezo hazten, neurririk gabe. Gustatuko litzaidake urte batzuk barru Oreretako biztanleek gogoratu ahalko balute Altzateko Parkeko eserleku batetik ikusi genuela guk Oiartzun ibaiaren ibarra herriari itzultzen.