Marijo Telletxeak ‘Hitz hartuak’ iritzi zutabean idatzitakoa, HITZAren abenduaren 14ko zenbakian.
Mikel Laboak esan omen zuen hitz egiten jakingo balu ez zukeela kantatuko. Baina, bistan da horrek ez zuela hitzen mundutik kanpo utzi, ezin hobea izan baitzen haiei doinua jartzen. Batzuetan, badirudi hitzen soinuari jartzen diela musika eta ez esanahiari. Eta horrela, hainbat kantu entzutean ezin irudikatu ditugu hitz horiek doinu hori gabe. Izan ere, itsatsita bezala geratzen zaie, duten esanahiari indarra emateaz gain, iradokitze gaitasuna areagotzen die esanahi berriak erantsiz.
2008an
gauza ttikien erresumatik partitu zenean, umezurtz utzi gintuen, nolabait. Egun hartan, ikasle batek esan zidan uste zuela dolu-eguna egingo nuela, eta ez nuela eskolarik emango. Ordurako klasea bukatua zen, eta horrek ez zuen bueltarik; herria gure esku bagenu, dolu nazionala egin izango genuela pentsatu nuen. Utz dezagun, ordea, hari hori, eta goazen Laboaren muinera. Zer zuen
sekula belardiko kantariak gure herriaren sakon-sakonera horrelako esanguraz ailegatzeko? Zer aztikeriaz limurtzen gintuen
zilarrezko ahotsak?
Izuen gordelekuetan barrena liburuaren hitzaurrean Joseba Sarrionandiak literaturari buruz dioena gogoan, Laboa
sormenaren bidez bestelako hizkera batekin, bestelako edertasun, etika eta harreman batzuen bila abiatzen dela esango nuke; artearen bidez, hitzez esan ezin dena aditzera eman nahi duela batzuetan goxo, besteetan probokatuz, baina beti ala beti entzulea egoera berezi batera eramanez. Eginkizun horretan aritu zen Laboa ia bizitza osoan, eta lorpena begien bistakoa da.
Arte adierazpenenetatik ezaugarri berariazkoenak ditu musikak, berez ez baitu deus ere esaten. Testuari lotua ez dagoenean ez du esanahi zehatzik izaten, eta ondorioz, ia zernahi irudikarazteko ahalmena du. Mikel Laboak bete-betean asmatu zuen musikaren ezaugarri hori —esanahi berriak sortzekoa— maisuki erabiltzen.
Mikelek doinuak egiten dituenean hitzen erreferentzia zuzenak gainditu egiten ditu,
eta horregatik, soinuak, ahotsak eta oihuak kantatzen dituenean, ez zaigu arrotza iruditzen
Baten batek esango du Laboak ez duela hitzik gabeko ia kanturik, instrumentu hutsezkorik, eta hortaz, hitz horien esanahiaren inguruan dabilela haren sormena. Baina nik ez dut hori uste. Mikelek doinuak egiten dituenean hitzen erreferentzia zuzenak gainditu egiten ditu, eta horregatik, soinuak, ahotsak eta oihuak kantatzen dituenean, ez zaigu arrotza iruditzen, eta berdin-berdin ulertzen dugu erakutsi nahi diguna.
Laboak kantatzen duenean txikia denaren, sufritzen duenaren tokitik egiten du; ez digu zuzenean esaten, sentiarazi egiten digu, haren tokian ikusten dugu geure burua, eta oharkabean ulertu egiten dugu Gernika zer izan zen,
gaberako aterberik gabeak duen izua eta hotza,
kateak zer itsusiak diren hilotzaren gorputzean, obeditu beharrak dakarren ezina,
sukaldean aulkian eserita urrun dagoen amaren oroitzapena…
Behin eta berriro esaten ditu, errepikatzen ditu, oihukatzen ditu erreguak, eskariak eta beharrak. Errepikatzen duen hori bera izanik, ez da, ordea, berbera. Aldi bakoitzean, esandakoaren esanaz beste zerbait ematen du aditzera, aurrekoa aberastuz, aldatuz, osatuz.
Mikel Laboa zilarrezko ahotsarekin gure lurraren sustraietatik abiatzen da, txoriak bezala hegaldatu, eta hitzez esan ezin dena aditzera ematen du, behin eta berriro errepikatuz, eta entzundakoa entzun ondoren, barnean sartu eta han geratzen zaigu
itsas galeretako oholak bezala ezabatu ezinik.