Gutuna: "2020ko San Tomas eguna"
Orereta-Errenteriako herritar maiteak:
Hurbiltzear da abenduaren 21a, neguko solstizioa, San Tomas egun maitagarria. Eta horren harira idazten dizuet nik, eguneko protagonistak, zerramak, alegia.
Izan ere, jakinarazi nahi dizuet 2020 urte honetan ez nauzuela Zumardiaren erdian ikusiko, ezin izango didazue bisitarik egin, ezin izango duzue nire pisua asmatu, ezin ni agurtu. Izan ere, tamalez, aurten ez dago baldintzarik guk guztiok maite dugun egun paregabea ohi moduan bizi eta ospatzeko. Hala erabaki dute, bederen, ni eramaten nauten San Tomas eguneko antolatzaileek.
Dena den, adierazi didate berresten dituztela herri osoak maite duen egunaren baloreak, eta gogoraraztera natorkizue, honako mezu honen bitartez.
Azaldu didate herrigintzan sinesten dutela, eta koordinazioa, elkarlana eta talde-lanean aritzearen garrantzia azpimarratu dute, beste behin ere. Halaber, ohartarazi didate naturaren zaintza ezinbestekoa dela guztion bizitzan, inguruaren zaintza, elkarrekiko zaintza… Eta errespetua dela horren ardatza, norbanakoarekikoa, animaliekikoa, aurrean dugunarekikoa. Era berean, esan didate herriko eta bailarako baserritarrak dituztela gogoan, ezin izango baitituzte hauek haien produktuak aurten erakutsi eta salgai jarri, eskura ditzazuen. Halere, agindu diet herri osoari azpimarratuko niola garaian garaikoa eta herrian bertan kontsumitzeak duen ezinbestekotasuna. Eta zer esanik ez zuen nortasuna, izaera zein portaera azalaraztean, hots, elkarren arteko komunikaziorako darabilzuen hizkuntza izan dadila San Tomas egunekoa eta urtearen beste 364 egunetakoa euskara, zuen artean erabiltzeko, eta gurekin, animaliekin, komunikatzeko.
34. San Tomas eguna zatekeen aurtengoa, Xenpelar AEK euskaltegiak abiatu zuen egun paregabea, urtero zuek guztiek egutegian zein oroimenean gordetzen duzuena, maite duzuenekin elkartzeko, kalean gozatzeko, txistorra jateko, taloak dastatzeko, barazkiak erosteko, mihura hartzeko etxea atontzeko, bertsoak entzuteko, muxikoak dantzatzeko, etxean gordeta dauden edalontzi birziklagarriak berreskuratzeko, herri kiroletakoak animatzeko, trikitilariak kaleetan barna jarraitzeko, pregoia barneratzeko… Aurten, ordea, ezin izango duzue horrelakorik bizi.
Dena dela, proposatzen dizuet ateratzea etxeko armairuan gordeta duzuen baserritar jantzi hori eta soinean eramatea abenduaren 21ean, zaudeten tokian zaudetela, izan etxean, izan lanean, izan erosketak egitean, izan medikuarenera zoaztenean… Eta presta ezazue txistorra pintxoa; presta ezazue, halaber, taloa etxekoentzat (aitona, amona, bikotea, laguna edo etxeko txikienarentzat). Eta bat egin Orereta-Errenteriako San Tomas Batzordeak -nire bitartez- helarazten dizkizuen baloreekin, herritik eta herriarentzat sortuak baitira horiek guztiak.
Besterik gabe, jaso itzazue kurrin-kurrin bero ugari zerrama honen aldetik eta ikusiko dugu elkar hurrengo urtean. Bien bitartean, elkar zaindu eta zabaldu ahalik eta maitasun gehien, inoiz ez baita nahikoa.
2020ko San Tomas eguneko zerrama, Orereta-Errenteriako San Tomas Batzordearen izenean