AdinBerri izeneko zentroaren eraikuntza da Pasaiako biziberritze izenaz ezagun den horretan azken proiektu izarretako bat, adinekoen erresidentzia, eguneko zentroa eta zahartzaroaren ikerketarako 500 metro koadroko espazio txiki bat hartuko duen eraikina.
Pasaiako Ezker Anitza-EB aspaldi ari da esaten Pasaian harrera asistentziala handitzearen beharra dagoela, eta zentzu horretan, ongietorria da egitasmoa. Hala ere, AdinBerri zentroaren kudeaketarako zein Pasaiako biziberritzea deitzen duten horretan EAJk eta PSEk adostu duten kudeaketa ereduaren gainean hainbat kontu oso eztabaidagarriak iruditzen zaizkigu.
Kudeaketari dagokionez, beste behin ere ikusiko dugu nola gure zergen diruarekin azpiegitura bat ordainduko dugun, gerora enpresa pribatu batek kudeatu eta etekinak eraman ditzan. Elkarlan publiko-pribatu deitzen duten iruzurraren beste adibide bat gehiago, hala laburbilduta: “faktura denon artean ordaintzen dugu, gerora gutxi batzuk aberastu daitezen”.
Ezker Anitza-EBrentzat, zerbitzu publikoen kudeaketa pribatua negozio bat da, enpresa pribatu horren azken helburua ahalik eta etenik handiena lortzea den heinean. Zoritxarrez, etekin horiek zerbitzuaren kalitatearen eta pertsonalaren lan baldintzen kaltetan baino ezin dira lortu, eta kontuan hartu behar da adineko menpekoen zaintzaren sektorea nagusiki emakumeek osatzen dutela.
Gauza bera esan dezakegu zahartzaroaren ikerketa zentroaren gainean, dirudienez, hura ere bitartekoek kudeatuko dutelako. Dirudienez, unibertsitate publikoan ez dago pertsonal zientifiko nahikorik lan esparru horretan ikertu eta lan egiteko eta halako zentro batek ezin du sektore publikoak kudeatu.
Trintxerpe-Herrera konexioa eta Ondartxoko pasealekua
AdinBerri zentroa, Trintxerpe-Herrera konexioa eta Ondartxoko pasealekuarekin batera, PSE eta EAJrentzat Pasaiako biziberritzea deitzen duten horren mugarriak dira, baina gure ikuspuntutik, Portu Agintaritzaren interesei erantzuteko adabakiak baino ez dira, eta ez datoz bat Pasaiako biziberritzerako gako beharko lukeen kaiko Herreraren planifikazio egoki eta ordenatu batekin. Zoritxarrez, herritarren interesak defendatu beharko lituzketen horiek, PSE eta EAJren udal gobernua, udala Portu Agintaritzaren bulegoen luzapena balitzan ari da, azken honek nahieran aritzeko aukera izan dezan.
Penagarria iruditzen zaigu, baita ere, ez EAJ ez eta PSEk ez izatea proiektu bat Pasaiaren ordenaziorako. Zilegi da, nahiz eta ez gatozen bat, Udalbatzak bere egin zuen herritar proposamenarekin ados ez egotea, baina ezin dena ulertu da zergatik ez duten inoiz azaldu zein iritzi duten gaiarekiko, eta bere ekinbideak titularrak betetzeko baino ez izatea, Pasaiako eta kaiko Herreraren irtenbide pentsatu eta ordenatu batetik urruntzen gaituzten bitartean.
Zoritxarrez, denbora aurrera doa eta hainbestetan aipatzen duten biziberritzea urte askoan baldintzatuko duten erabakiak hartzen ari dira, adibidez, San Pedroko arrandegiaren kokapena, tona askotako kamioiek Euskadi Etorbidea zati batean zeharkatu behar dutelarik (PSE-EAJ eta EH Bilduk babestutako erabakia, gure kontrako jarrerarekin), edota portuko trafikoaren irteera Gomistegiko biribilgunetik bideratzea, trafiko horiek saihesbidera irteera zuzena izan dezaten baztertuz, horrek herritarren bizi kalitatean izango duen inpaktua kontuan hartu gabe.
Laburbilduz, PSE eta EAJ publizitate kanpaina handi bat egiten ari dira, paisaiaren azal garbiketa huts beten bidez, herritarrek Pasaiako biziberritzea bukatuta dagoela pentsa dezaten, AdinBerri zentroa eraikiz gerora pribatizatzeko, eta itsas festibal bat ospatuz bi urtero. Pasaiako Ezker Anitza EBrentzat, kanpaina honek EAJ eta PSEren gaitasun eza eta anbizio falta ezkutatzen du orainalditik denon etorkizuna elkarlanean eraikitzeko.
Xabier Pombo. Ezker Anitza-EB Pasaia.