Gutuna: "Artzainik gabeko artaldea: agur Gaztelu!"
Jexux Aizpurua Barandianek honako gogoeta egin du, eta gutun bidez HITZAra bidali du. Jarraian, hark esandakoak, hitzez hitz:
Maiz joan ohi gara Jaizkibel aldera hango edertasuna bertatik bertara dastatzera; hara nola, Kantauri itsasoa, trikuharriak, karlisten garaiko dorreak, otea, kamamila, hondar-harria larrea eta bakoitzak gura duena, batik bat. Hantxe bizi dira ia urte guztian behor-zaldizko, betizu, ardi eta bestelakoak. Zorionez, aspaldian suak ez du eten naturaren berezko bizitza.
Bestalde, Donejakue bidea izaki, erromes askorentzat itsas-hegiko bidea ere bera da.
Martxoaren 24an, ordea, Lezoko Goiz-Argi Bordako Gazteluk, Jaizkibelgo artzainak, ez zuen ohiko biderik egin, ondoezak jota hilotz geratu baitzen etxean.
Gaur, biharamunez, Irungo Olaberria auzotik Iturburu baserritik gorantza nindoala, ustekabean topo egin dut Gazteluren artalde batekin; 20-25 ingurukoa, artzainaren zain eta zain, haietako bat mutur beltz umatua zegoela esan dit lekukoak, negarra zerion bitartean.
Baina artzainaren aztarnarik ez. Non da Jaizkibelgo artzaina, artaldea bakardadean utzirik?
Txerri goseak ezkurra amets bezalaxe ikusi dut hogeiko artaldea; gainerakoak han-hemenka eta gehienak Jaizkibelen. Irungo oihanaldetarrei salduak ere bazituen, baina Gazteluk ardirik gabe ezin etsi. Aurrerantz ardirik ikusiko ahal dugu Jaizkibelgo larreetan!
Jexux Aizpurua Barandiaran