Gutuna: "Erantzukizunak eragiten duen botereaz"
Udan Yayo Herrero ekofeministak idatzitako artikulu sorta oso interesgarri bat irakurtzeko aukera izan dut. Eta lehendabizikoan kontatzen du mendebaldeko ekonomia garatu dela Lurrarekiko bereizita, agortezina den planeta batekin amets eginez. Eta esaten du, nahikotasuna, banaketa eta zaintza, ortzi-muga desiragarriak izango direla soilik finitutasunaren kontzientzia hartzen baldin badugu.
Finitutasunaren kontzientzia hartzeak ez omen gaitu erruduntasunera eraman behar. Erruduntasuna, tristea eta paralizantea delako. Aitzitik, erantzukizunez jokatzera eraman behar gaitu. Erantzukizuna indarra, potentzia eta egiteko ahalmena baita. Eta gehiegizko erruduntasunak eta erantzukizun urriak itxaropena desbideratzera eraman omen gaitzake.
Baina guk ez dugu desbideratutako itxaropenik nahi. Itxaropen aktiboa behar dugu. Eta, horretarako, erantzukizunetik, bizi dugun ziurgabetasun honetan, zer gertatzea nahi genukeen pentsatzea eta posible izan dadin ekitea dagokigu. Horrek boterea sortzen baitu, botereaz ulertzen badugu besteekin batera jardunez gai izatea.
Yayoren gogoeta honekin eman nion hasiera EHUrekin batera pasa den ostegun eta ostiralean Lekuona Fabrikan ospatu dugun COVID-19 ondorengo tokiko gobernantza publiko-komunitarioaren erronkak izeneko udako ikastaroari. Izan ere, gogoeta horrek mahai gainean jartzen ditu ikastaroa antolatzeko izan ditugun arrazoiak, baita ikastaroaren bidez eragin nahi izan duguna ere. Finean, ikastaroa, gonbidapen bat izan da: pandemiak eragindako testuinguru honetan bizi (izan) dugun egoeraren inguruan gogoeta egitera, eta egoera horren aurrean joka dezakegun paperaren kontzientzia hartzera. Ikastaroa, erakundeen eta herritarren arteko lankidetzan, lankidetza publiko-komunitarioa deitu dugun horretan, sakontzeko gonbidapena ere izan da, sinetsita baikaude ahaldundutako jendarte baten ekimenari bokazio berdinzalea eta birbanatzailea duen tokiko administrazio batena gehitzen zaionean, horrek zaurgarrien diren herritarren bizi-baldintzetan eta, oro har, komunitatearen ongizatean, duen inpaktua bestela lor ezin daitekeena dela.
Ikastaroak parada ezin hobea eskaini digu erantzukizunetik, itxaropen aktiboa ereinez, bizi dugun ziurgabetasun honetan, zer gertatzea nahi genukeen pentsatzeko eta posible izan dadin udalgintzatik nola ekingo diogun kolektiboki irudikatzeko.
Eta oso eskertuta gaude. EHUri, lankidetzarengatik; 26 hizlariei, zuen ekarpen eta gogoeta interesgarriengatik; eta, ikastaroan izena eman duzuen herrikide eta bisitariei, interesarengatik.
Errealitatea eraldatzeko behar dugun botere hori sortzen jarraitzeko alea gehitu izana espero dugu.
Aizpea Otaegi Mitxelena. Errenteriako alkatea.