Gutuna: "Argizaria piztu dut"
Gaur goizean Niessen-go atariko plazan, Errenteriako Atea deitzen den eskulturaren behe aldea euriarekin itzalitako argizari batzuen tartean argizari piztuak ikusi ditut. Hurbildu eta bizpahiru gehiago gehitu ditut. Oso argazki ederra zen!
Eta desio batek zeharkatu nau barnealdea. Ederra litzateke gure herriko jende asko eta asko, handik pasatzea, kandela piztea edo kandela eraman eta piztea… pandemia honetan zendu zaizkigun lagunen oroimenez. Argizaria piztu maitasunez, baina duintasunez osatua. Ez da duina izan, batez ere, adineko jendeari eskaini zaion arreta. Nolako samina eta haserrea pilatu den zendu direnen bihotzean. Sentimendu hori ukatu gabe, senda dezagun. Eta argizaria jartzea sendabidean urrats txiki eta esanguratsua izan daiteke.
Infernu baten aho-atarian sartu gaituzte, sartu gara, Lurraren ustiaketa basatiaren ondorioz. Ekosistemen narriadura, biodibertsitatearen galera, milioika animali kontzentrazio eremutan bezala pilatuak, drogatuak, dopatuak… negozio kriminalak aurrera ateratzeko. Baditugu gertuko kasuak, baina pandemiak abisua eman digu: planeta osoaren norabidea aldatu beharra dago.
Eta horretarako dugun baliabiderik onena eta ziurrena, gure artean herri-sentimendua, zaintzaren herria, mundu osoko jendeari eta naturari herri-irekia eratzea da. Horrela, eskura dugun keinu gizatiar eta esanahi handikoa da argizaria piztea, pandemian hildakoen omenez eta gure zina eginez: ez!, ez ez,ez!, ez ez ez, ez dugu nahi, horrelako zibilizaziorik!
Joseba Barriola, Errenteria-Orereta