Gutuna: "Arnasa bila, tokitara!"
Adierazgarria da gure Udalak herritarroi egin digun gonbitea, batez ere bi kontu argi uzten dituelako: alde batetik, herritarrok arnasa garbia hartzeko espazio libre naturalak behar ditugula, eta, bestetik, gure hirigunean espazio libre naturalen gabezia handia dugula. Egun bizi dugun pandemiaren egoera larria dela eta, salbuespenak salbu, gure herritik ezin dugu atera eta gure aisialdian bertan ibili beharra daukagu. Iazko konfinamenduaren ondoren, herritarrok gertuko espazio libre naturalen beharra areagotu zen.
Ez da soziologoa izan behar herritarrok aisialdian ditugun ohitura batzuk aspaldidanik aldatu direla ikusteko. Egun, jada ez gara herritik abiatzen inguruko gailurretara joateko; orain autoa hartzen dugu eta hurbildu egiten gara, areago haurrekin edo adineko jendearekin bada. Bestalde, gure herrian adineko jende gehiago dago, baina hauek orokorrean ez dira hainbeste mendi aldapatsuetan ibiltzen eta bidegorritik ikusten ditugu gehien bat, eremu laua baita. Beraz, egoera larri honek, besteak beste, bi ondorio hauek ekarriko ditu: a) Listorreta, Susperregi, Lau Haizeta eta Bizarain inguruan ibiltzeko jende askok autoa erabiliko du; b) Hirigunean beste espazio libre nahikorik ez dagoenez, ibaiertzetik ibiltzeko jende asko pilatuko da.
Hala ere, baditugu gure hirigunetik gertuago dauden beste eremu natural batzuk, esaterako, Gamongoa, Altzate eta Esnabide. Leku hauek oso gertu daude eta jendea autorik erabili gabe ibiltzeko egokiak dira. Imajina al dezakegu leku horiek egoki txukundu ondoren (landarez bete, ez urbanizatu), zuhaitzen gerizpean ibiltzea, lasai eta ia zaratarik gabe?
Zoritxarrez, gure Udalak ez du handira jokatzeko asmorik, espekulatzaileen monopolin ibiltzea nahiago du, inguruko espazio libre natural hauek zementuz eta trafikoz beteaz. Udalaren asmoa Gamongoa, Altzate, Esnabide urbanizatzea da eta, ondorioz, herritarrok gertuko eremu natural horiek galdu eta presio urbanistiko eta trafiko handiagoa jasan beharko dugu, itoago egongo gara, alegia.
Oraindik gogoratzen dut, duela hamarkada batzuk, Ezker Abertzaletik fabrika zaharren orubeak eta Fanderia zementuz bete beharrean, hirigunean espazio libreak zabaltzea eskatzen genuenean, M. Buen alkate ohi jaunak erantzuten ziguna: “Berdeguneak nahi badituzue, hor duzue Urdaburu”. Egun ere, arnasa garbia hartu nahi badugu TOKITARA bidaltzen gaituzte.
Santi Angulo Martin, Errenteria-Orereta