Gutuna: "Bakea eta elkarbizitza oinarri dituen etorkizun baterako deia"
Honakoa da gutuna. HITZAren erredakzioan euskarara itzulita dago.
“Gutun hau sinatu dugunok, salbuespen gisa egin dugu. Gutxitan, oso gutxitan sinatu dugu zerbait elkarrekin, eta egin dugunean, gure ustez, gure herriaren bakea eta elkarbizitzarekin zerikusia duten gaiak zirelako izan da. Iragana benetan gogorra izan delako, eta etorkizunaren eraikuntza izugarri delikatua delako eta izango delako dagokigu erosotasun zona alde batera uztea eta arduraz jokatzea, bi horiek ezinbesteko baldintza direlako gure seme-alabek, eta gure bilobek gutako batzuei bizitzea egokitu zaiguna bizi behar izan ez dezaten.
2013ko irailaren 30ean gure herriko bizilaguna den Manu Ugartemendia atxilotu zuten eta ondoren aske utzi zuten (epailearen aurrean deklaratu ostean) Herriraren kontra egindako operazioan. ETAko kidea izatea, hura goratzea eta terrorismoa finantzatzea leporatu zioten, ETAk bere jarduna behin betiko bertan behera utzi zuela iragarri eta ia bi urtera. Sei urte geroago, eta hilaren 16tik aurrera, Manu Ugartemendia Auzitegi Nazionalean epaituko dute. 14 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen diote ustez ETAko kide izateagatik, ETA desagertuko zela esan eta urtebete baino gehiagora.
Gutun hau sinatu dugunok aspalditik ezagutzen dugu Manu Ugartemendia. Manu zinegotzia izan zen Errenteriako Udalean, gutako batzuk ere zinegotziak ginenean. Saio oso gogorrak partekatu genituen berarekin gure herriko kaleetan biolentzia oso presente zegoenean. Ez dugu ukatuko antagonikotzat jo daitezkeen jarreren artean zegoen tentsioa. Manuren iragana ere ezaguna dugu, baita ETAko kide izateagatik bi alditan izan dela espetxean.
Baino ezagutzen dugu ere, gure herriaren barruan duela urte batzuetatik hona elkarbizitzaren eta bakearen alde egiten ari den bidean beste protagonistetako bat den beste Manu hori. Batzuk elkarrizketa espazioak ere partekatu ditugu Manurekin, 2013an atxilotua izan zen une hartan. Ezagutzen genuen Herriran egiten zuen lana. Ez zuen inoiz ere ezkutatu, eta presoen eskubideen defentsan ere, elkarbizitza eta bakea oinarri izango zituen garai berrirako bere ekarpen gisa aurkeztu zuen. Horrela jakinarazi zigun, eta horrela ulertu genuen eta jaso.
Errenteriako Udalak alderdi politiko guztien adostasunarekin elkarbizitza eta bakearen alde egindako ekitaldi ezberdinetan ere ikusi dugu Manu. Horien artetik, bat nabarmendu nahi dugu duen garrantziagatik, 2017ko ekainaren 29an Errenteriako Udaleko pleno aretoan Vicente Gajate, Jose Luis Caso eta Manuel Zamarreño ETAko biktimak aitortzeko egindako ekitaldia.
Finean, ziurta dezakegu gure herriak elkarbizitza eta bakearen eraikuntzaren aldeko prozesu delikatuaren protagonista ugarietako bat gehiago dela Manu Ugartemendia. Eta ez da edozein protagonista. Bere iragana gorabehera, edo agian bere iraganagatik, Manuren parte hartzea prozesu honetan nahitaezkoa izan da.
Gutun hau sinatu dugunetako batzuk urte luzez izan gara ETAk mehatxatuta. Gure bizkar gainera jauzi zen zama horrek gure bizitza baldintzatu zuen, eta egun ere oraindik baldintzatzen jarraitzen du. Eta egoera horrek garamatza hain justu ere etorkizuneko belaunaldiek halakorik bizi ez dezaten desiratzera. Manu espetxeratzeak gure herriak aurrera daraman prozesuan aktibo garrantzitsua ezabatzeaz gainera, hainbeste jenderi hainbeste kostatzen ari zaion bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntza zailduko luke, baita etorkizuneko belaunaldiei ere baldintzatu.
Bakea eraikitzea arkitektura delikatua da; ezinbestekoak ditu hura elikatuko duten ekintzak. Eta gutun honek hori izan nahi du, bakea eta elkarbizitzaren eraikuntza elikatuko duen ekintza, eta bakea eta elkarbizitza baldintzatu ditzaken epaiketa bat gelditzea eskatzen duen ekintza. Epaiketa hori, euskal gizartearen begietara, izugarri garaiz kanpokoa delako. Ez dio orainari erantzuten, are gutxiago etorkizunari. Itzuli nahi ez dugun eta gainditu nahi ditugun atzerako garaietara garamatzan epaiketa da. Izan dadila beraz, honakoa, Auzitegi Nazionalaren areto horretara helduko den mezua, entzun dezatela, umiltasunetik, baina gizarte honek etorkizuna bakean eta elkarbizitzan eraikitzeko prozesuan dagoen zailtasuna baina gehiagorik nahi ez duen konbentzimendu irmoarekin”.
Aizpea Otaegi, Xabin Olaizola,