GUTUNA: 'Berandu dabiltza'
2008an proiektu bat onartu eta handik hamabi urte beranduago gauzatzea ez da harro egoteko kontua, nire ustez. Are gutxiago hura onartu zen egoera ekonomikoak okerrera jo duenean. Beraz, PSOEko kideen poza zinikoa dela iruditzen zait, herritarren beharra patxada ederraz hartzen baitute eta, gainera, berandu dabiltzalako. Bi arrazoi daude esateko berandu dabiltzala.
Alde batetik, duela hamabi urteko gazteak helduak dira dagoeneko, eta askok egoera txar berean segitzen dute eta ez dute etxebizitza horietan sartzeko aukerarik izango. Halaber, egun, kapitalismoak langileen eskubideak suntsitzearen ondorioz, jendartearen egoera ekonomikoa txartu egin da. Beraz, horrelako etxebizitza tutelatuak behar dituzten jendarteko sektoreak ugaritu dira: orain gazteak ez ezik, lanik gabeko langileak, mehatxatutako emakumeak, etxegabetuak, bikote bananduak, 45 urtetik gorako langabeak, bizirauteko hainbat lan bete behar dituztenak ere bai… Sektore hauek ezin dute etxebizitza tutelatu horietara sartu eta espekulatzaileen menpe geratzen dira.
Bestaldetik, egun Arramendi parkean eraikitzen ari diren etxebizitza tutelatu horiek beste leku egokiago batean eraiki zitezkeen, dagoeneko urbanizatuta dagoen kotxeren eremuan hain zuzen, herriko hiri-parke bakarrak azken urteetan jasan dituen presio urbanistiko eta espekulatibotik arinduz. Orain, duela hamabi urte ez bezala, badakigu kotxeren eremua libre geratuko dela; hala ere, ez Udalak, ez Eusko Jaurlaritzak ez dute horretarako borondaterik izan eta parkeari atzeraezinezko kaltea sortu diote/digute. Are okerrago, etxebizitza tutelatu horien proiektuak ez du arauak ezartzen duen Ingurumen-eraginen Txostenik, horren ondorioz ez dugu jakingo zer eragin izango duen etxebizitza horiek parkean eraikitzeak. Gero diote legea bete behar dela. Zinismo hutsa!
Azkenik, administrazioa herritarren premia denean beti berandu ibiltzen da, adabakiak jartzen aritzen da eta ez du haien arazoak benetan konpontzen, eta arduradunak hain pozik!
Santi Angulo, Irakaslea. Errenteria-Orereta