Gutuna: "Birus madarikatua? Erdizkako egia, gezur borobila"
Pandemia hedatu ahala, seguru aski maiztasun handiz entzun izan dugun esamoldea ‘birus madarikatua’ izan da. Birus madarikatu honen kulpagatik lanik gabe gelditu naiz, gure semetxoaren komunioa atzeratu behar izan dugu, gure amona tristezian murgildua dago… Gobernuek aldarrikatu dute birusaren kontrako gerra. Eta nola ez, militarrak, hiltzea lehen funtziotzat duen instituzioa —gerra armarik gabeko armadarik ez dut ezagutzen— jarri nahi izan digute osasunaren-bizitzaren banderadun bezala.
Hedatua dagoen irizpide horren azpian ezkutatzen den gezur interesatu borobila azaldu nahi dut. Inork ez dezan gaizki ulertu, COVID-19aren aurrean geure burua zaindu eta defendatu behar dugu. Hori esanda, hona hemen gogoeta pare bat, eta konklusio bat.
Lehenik, birus eta bakterioz beteta dugu Lurra eta baita gure gorputzak ere. Birusak eta bakterioak izan dira duela 3.000 milioi urtetik hona bizitzaren sortzaileak, bizitzaren eboluzioa eta garapena ziurtatu dutenak, eta bizitzaren baldintza minimoak —oxigeno maila atmosferan, Hidrogenoaren portzentaia, Nitrogeno eta CO2 proportzio egokia, fotosintesia— bermatu dituztenak. Duela 3.000 milioi urte eta orain arte. Zaldiak ezin du belarra elikagai bihurtu, gizakiok ezin dugu letxuga bat elikagai bihurtu, sabel-esteetan dauzkagun milaka milioika birus eta bakterioren prozesu kimikorik gabe. Nondik sortzen da zuhaitzen hostoen berde liluragarri hori? Bakterio eta birusen lan isiletik.
Hau da, bakterioei eta birusei esker, bizi gara. Horiek gabe, ez ginateke izango. Horregatik, beharko genuke esan: gora birus eta bakterioak.
Bigarrenik, COVID-19 mezulari bat da. Eta komeni da bereiztea mezularia eta mezua.
Tripako mina dugunean, mina bai sentitzen dugu. Tripak ematen digu mina. Baina min horrek alertan jartzen gaitu. Eta segituan hasten gara pentsatzen: zerbait txarra edo usteldua eman al didate holako ostatuan? Edota erosi genuen tomate hura ez zegoen oso sano, ezta? Tripako mina da mina, baina aldi berean mezularia. Zein da mezua? Gure elikaduraren produkzio, garraio eta salmenta ez dago ondo. Kontuz. Platano batek 3.000 kilometro egin behar baditu sortu zen lekutik gure etxeko mahairaino, eta bitartean hozkailuan edukita… agian jateko modukoa izango da, baina gure elikaduraren kalitatea behera doa erabat; eta gainera, zenbat CO2 botatzen da garraio hori ziurtatzeko?
COVID-19rekin berdin. Mina ematen du: beldurra, konfinamendua, zahar etxeetako tristura eta larritasuna, haurren kartzelaldia, gertukoen ez musurik eta ez agurrik gabe bakardadean hildakoak… Mina ematen du —tripako minak bezala— baina ez dezagun ahaztu min hori zerbaiten mezularia dela. Mezulariarekin kontuz ibili beharra dago —mina egiten baitu— baina ezin dugu ahaztu zein da COVID 19-aren mezua. Eta ez ahaztu mezu hau azken hamarkadetan iritsi zaigula eta ez diogula batere kasurik egin. Zein da mezua? Gogoratzen HIESA pandemia? Eta ebola? Eta hegazti-gripea? Eta behi-eroak?… Eta mezu bera kasu guzti horietan: Zenbat eta ekosistemak gehiago degradatu, orduan eta pandemia larriagoak eta maiztasun handiagoarekin. Agroindustriaren kutsadura eta abeletxe erraldoien barruko ekosistema medikalizatua eta kriminala alde batetik, eta basoen deforestazioa zein hirien kutsadura daude pandemia hauen abiapuntuan.
Mezulariarekin —COVID-19— kontuz, baina gerra, mezuak seinalatzen digun oinarrizko errudun ikusezina da: produkzio, garraio eta kontsumo sistema, guk geuk ere erabiltzen dugun sistema bera. Eta zuzena delako, esan beharra dago. Sistema honetan denok sartuta gaude, jaiotzetik sartaraziak. Baina sistema honetatik etekin pozoitsuz beteta ateratzen direnak ez dira denak, gutxiengo oso txiki bat baizik: %1a.
Hirugarrenik, konklusio modura: Jende krudel boteretsuari, kapital pilaketa pertsonala ziurtatzen saiatzen denari, bost axola zaio Lurraren bizitza.
Gabriel Zelaiak, hizkuntza kosmikoa poeman zioen bezala: “Denok denekin hitzegiten dugu: pinudiek itsasoarekin, kilkerrek galaxiekin, enbata ixiltzen denarekin…Zer esaten dio urreak iodoari? Zer mari-burduntziak zezenari…Denok sekretu kolektibo baten parte gara, baina gizonak, distraiturik, bere buruarekin soilik hitzegiten du”.
Defenda dezagun gure bizitza COVID 19 aurrean.
Baina altxa…, altxa gaitezen jende krudel, boteretsu, diruzko bihotza duten eta Lurraren bizitzarako benetako pozoi hilgarria diren horien aurka.
Joseba Barriola, Errenteria-Orereta