Gutuna: "Bizi ala iraun"
Urte hasiera korapilatsua izan dugu aurtengoan. Urtarrilean, urtero egitera behartuta gauden euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak izan genituen Bilbo eta Baionan, baita bizi dugun prekarizazio prozesua salatzeko Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorra ere. Otsailak, Zaldibarko zabortegian gertatutako luizi batek eraginda gure lurra kutsatu eta sare klientelar oso baten engranaje bat gehiago ikustarazteaz gain, lur azpian jarraitzen duten bi langile utzi zizkigun. Martxoan aldiz, denon gorputzak zeharkatu dituen itxialdia jarri zen martxan.
Abendu inguruan Txinan zehar hedatzen hasi zen gaixotasunari arinkeriaz begiratu bagenion ere, martxo erdialdetik konfinatuta egon gara hilabete luzez. Gure bizitzak hankaz gora jarri eta ondorio emozional esanguratsuak eragiteaz gain, egoera ekonomiko, sozial zein politikoa aldrebestu da gaixotasunak utzitako testuinguruan.
Hilabete hauek jendartearen onena zein txarrena ateratzeko momentua izan dira. Zaintza sare publiko zein herritarrak sortu ditugu baina txibato lanetan ibili diren bizilagunak ere ezagutu ditugu. Hala ere, azpimarragarriena gure herrietako udaletan sustatutako politika publikoen eta Legebiltzarreko gobernuak sustatutakoen artean dagoen eredu talka izan da.
Ereduen arteko talka ez da berria. Pixkanaka, EAJ, PSE-ren babesarekin, Herri hau boteretsuen oasi bat bilakatzen ari da. Enplegu suntsiketa, murrizketak eta ustelkeria kasuak eguneroko ogi bilakatu dira. Enpresa handien interesak jartzen dituzte gure bizitzen aurretik eta kontrara gure bizitzak gero eta prekarioagoak dira. Ez da kasualitatea beraz, pandemia garaian produkzioa lehenetsi izana langileen bizitzak arriskuan jarriz edota AHT-ko obretarako diru partidak bideratzen jarraitzea.
Konfinamendua hasi zen momentuan eta orain zer? izan zen gure buruotan gehien errepikatutako galdera. Gure eskualdea industrializazio garaiak markatutakoa izanda, langile klaseak ardaztutako auzoek sortzen dituzte Pasaiako badiaren ertzean eta Oiartzun ibaiak zeharkatuta eskualdeko herriak. Hortaz, prekarietatea da gure bizitzen erdigunea markatzen duen ezaugarria eta eskualdeko langabezia datu altuak dira, besteak beste, honen adierazle.
Mundu mailako pandemia honek ekarri digun testuinguruak, gure eskualdeko herrietan, Euskal Herrian bezala, eragin kaltegarria izan du herritarrontzat. Krisi larri baten atarian aurkitzen garela diote adituek eta honakoari erantzuteko neurri zehatzak hartzeko beharra dagoela nabaria da. Are gehiago gure eskualdeko soziologia bezalako eremu zaurgarrietan.
Egoeraren aurrean, EH Bilduk arduraz jokatu du. Eskualdean gobernatzen dituen herrietara joanda, Oiartzunen adibidez, herriko dendetan kontsumitzeko boonak eskaini edota 200 familientzat jatekoa bermatu du. Oreretan aldiz, ikasleek era duinean ikasteko bitartekoak jarri ditu eskuragarri (interneta, ordenagailuak…) eta zaintza lanak publikoki asetzeko sarea sortu du.
Aurrez botatako galderari erantzunez, kontua ez da lehen geneukan agertokia berreraikitzea, sistema eraldatzea da bidea. Orain arte egin den politikari aurre egin eta herri honek berdintasunean, ongizatean eta askatasunean aurrera egiteko beharra du. Horretarako ezinbestekoa izango zaigu herritarron interesak erdigunean jartzea. Krisiari, ustelkeriari, autoritarismoari eta klientelismoari aurre egiteko garaia da eta horretarako alternatiba erreal bakarra EH Bildu da. Beraz, uztailaren 12an bozkatu EH Bildu.
Olaia Matxain Galfarsoro, Orereta