Gutuna: "Data garrantzitsuak hezkuntzan"
Datorren astean hasiko da herriko ikastetxeetan ikasle berrientzat izena emateko epea, matrikula garaia, alegia. Zuen seme-alabak eskolaratzeko zorian zaudeten gehienok erabakita izango duzue kontua ziurrenik. Hala ere, eta gutun hau irakurtzen hasi bazarete, bizpahiru minutu baino ez dizkizuet kenduko, gogoeta batzuk partekatu nahian.
Pertsona guztien oinarrizko eskubidea da kalitatezko hezkuntza jasotzea, euskarazko hezkuntza jasotzea eskubidea den neurri berean. Baina beste guztiaren gainetik hezkuntza zerbait baldin bada, bizitzen ikastea da, gure herriko komunitatean, Euskal Herrian, munduan. Eta horrek, hezkuntzak gure komunitateak dituen beharrei erantzun behar diela esan nahi du. Aditu eta eragile guztiek bat datoz egungo hezkuntza sistemak dituen erronka nagusiak identifikatzerakoan: segregazioa eta euskara. Hezkuntzak, pertsonen berdintasunaren bidean konpentsazio lana egin behar du, ezberdinak direnak gero eta aukera berdinagoak izan dezaten, elkarrekin ikasteko, jolasteko, bizitzeko, partekatzeko, handitzeko… Eta hori guztia euskaraz egin behar dugu, egin nahi dugu. Horretarako euskaratik urrun (edo ez horren gertu) daudenak euskararen mundura ekarri behar ditugu, ikusi behar dute euskara harremanetarako tresna ezin hobea dela. Eta hori ere, elkarrekin ikasiz, jolastuz, partekatuz… egiten da.
Nire uste apalean, eta inor mintzeko asmorik gabe, hori guztia herriko ikastetxe publikoetan ematen da modu nabarmenean. Are eraginkorragoa litzateke etxetik euskaldunak diren gero eta haur gehiago elkartuko balira.
Beraz horixe da nire dei apala, eman izena ikastetxe publikoetan, zuen etxeko hizkuntza bat ala bestea izan. Orain hiruzpalau hamarkada apustu bera egin genuenok baditugu motibo ugari harro egoteko, tarteko, egun gure seme-alabak ez direla gu baino gutxiago ikusita, irakasleak, igeltseroak, artistak, funtzionarioak, langabeak, ingeniariak, kirolariak, sendagileak, garbitzaileak, mekanikariak, unibertsitateko doktoreak, abokatuak, kale garbitzaileak, erizainak, kazetariak, tabernariak… dira, eta bizitzarako ikasi dutenaz benetan pozik eta harro daude.
Animatu zaitezte, etorkizuna guztiona eta guztiontzat baita, herriko ikastetxe publikoak bezala.
Iñaki Izagirre Iriondo. Irakasle erretiratua, Errenteria.