Gutuna: "Deskonfinamendu neurrien aurrean gure gogoeta"
Urmendi Haur Eskolako bi langilek hausnarketa egin dute, Pedro Sanchezek iragarritako arintze neurrien harira. 0 eta 6 urteko haurrak eskolara bidaltzeko neurriaz aritu dira; ez dira errespetatuta sentitzen.
Azken hilabete luzeetan gure bizitzak hankaz gora jarri dizkigu salbuespenezko egoera honek. SARS-CoV-2 birusak bizitzak hankaz gora jartzearekin batera orain arte ezkutukoak ziren hainbat lan eta errealitate azaleratu ditu: zaintzaz eta bizitzaz arduratzen diren lanak dira geure bizitza sostengatzeko ezinbestekoak direnak; bizirauteko benetan behar-beharrezkoak direla erakutsi duten eta gaur arte gutxietsiak izan direnak.
Eta geurea, Haur Hezkuntzan (gure kasuan 0-3 urte bitarteko adin tartean) lanean aritzen garen irakasleon ez da gutxiagorako izan. Zer paradoxa, hain justu behin eta berriz, adituek geroz eta gehiago, bizitzako lehen urteak zein garrantzia duten azpimarratzen ari diren honetan; gutxien baloratua eta errespetatua den hezkuntza eremua edo adin tartea izaki 0-3a.
Bertan lan egiten dugun profesionalekiko errespetu gutxi ikusten dugu, bai jendartean eta bai gobernuetan ere, paternalismo eta topikoz beteriko iritziak. Meritu profesional handirik ez dugun zaintzaile gisa ikusten dute geure lana. Bada garaia behingoz haur eskoletako hezitzaile profesionalok dugun formakuntza, seriotasuna eta gizarte eragina errespetuz ulertu eta bizitzekoa, baita oraintsu bizi dugun errealitate honetan ere.
Berdin gertatzen zaigu haurrekin, beren ahots eta beharrekin. Haurrak oraingo herritarrak dira, ez etorkizunekoak. Bizi dugun egoera honetan ere ez dira behar bezala kontuan hartuak izan. Ez haurrak, ez zaintza behar duten pertsonak ere. Eta orain ezarri nahi diguten neurri honekin ere haurren osasun-segurtasuna ez da kontuan hartzen. Ez haurrena, ezta irakasleona ere. Helduen ahotsek, kezkek eta beharrek agintzen dute haurren beharren gainetik.
Espainiako gobernuak deskonfinamendu faseak aurkeztu dituen honetan neurri orokor argiak utzi ditu. Agintari hauen ustez, ate joka den fase berri honetan, herritarrek «protagonismo berezia» izango dute, eta arduraz jokatu beharko dute: «Orain zailena dator. Beharrezkoa da une oro jarduera sozialerako eta mugikortasunerako arauak betetzea, birusa kontrolpean manten dezagun». Sanchezek gogorarazi zuen neurriok ez dituztela «gutiziaz» hartu, eta SARS-CoV-2 koronabirusak duen arriskuaz ohartarazi zuen.
Distantziamendu soziala izango da fase guztietan mantenduko den neurria. Nahiz eta jarduera, lan zein lokal askoren irekiera prozesua martxan jarri, horietan guztietan ezinbestekoa izango den Munduko Osasun Erakundeak (OMEk) ezarritako gutxieneko metro eta erdiko distantziamendu soziala.
Bizitzak bere horretara itzultzen hasiko badira ere, kutsatzeko arriskuak bere horretan jarraituko duela argi utziz, zentzuz jokatzeko eta kontaktu fisiko zuzena ekiditeko neurriak zorrotzak izango dira. Adierazle batzuk ezarriko dituzte, «irizpide objektiboen araberakoak»: besteak beste, kontuan hartuko dute epidemiaren beraren bilakaera, tokian tokiko osasun arretaren egoera (hala osasun etxeena nola ospitaleena), laneko segurtasun neurriak eta herritarren mugimenduak.
Ikusten dugun moduan, argi aipatzen badu ere lanean segurtasun neurriak mantentzea eta distantziamendu soziala errespetatzea birusaren zabalkundea kontrolatzeko ezinbesteko neurriak direla, deskonfinamenduaren bigarren fase batean haur eskolak irekitzeko agindua eman du. Bi gurasoak lanean egonez gero, haur eskolek hartu beharko dute haur horien zaintzaren ardura.
Jakin badakigu, haur eskola batek eskatzen duen lan moduagatik, haurren zaintzak berak bere baitan dituen ezaugarriengatik, guztiz ezinezkoa dela testuinguru honetan beharrezkoak diren segurtasun neurriak mantentzea. Bizi dugun egoera honetan erabaki honen oinarria ez da haur eskolak irekitzeko testuinguru seguru batera iritsi izana, enpresetan, oraindik, eskaini ez diren kontziliazio baimenei aurre egiteko erreminta bat besterik ez da.
Berriz ere lana eta ekonomia, bizitza eta zaintzaren gainetik. Berriz ere haurrak eta hezitzaileak bigarren mailako subjektu bilakatu nahi gaituzte, inolako segurtasunik eta erabakitzeko ahalmenik gabe. Guk oso argi dugu bada; bizitzak zainduko ditugu, herritar gisa erantzukizunez, kolektibotasunez eta zaintzaren bidez jokatuko dugu. Normaltasunera itzultzeko gure bidea hori baita; bizitzak zainduz, geure arteko elkarlana eta elkar zaintza sustatuz, guztion osasuna bermatuz herri modura egoera honek jarri digun erronka gainditzea.
Bide honetan guztian, herritarren, haurren eta langileen segurtasuna bermatzea eta beharrezkoak diren neurriak hartuz eman nahi ditugu pausuak. Haur eskolaren kasuan bermatu ezin ditugun ezaugarriak: haurren eta hezitzaileen arteko kontaktua, haurren garbiketa eta elikadura segurua (kutsatzeko arriskurik gabe), haur eskolako materiala haurrek beren artean zein hezitzaileekin elkar banatzea ekiditea etab. Ezinezkoa dugu kutsadura ekiditeko ezinbestekoak diren neurriak gure errutina zein jardueretan ezartzea; zer esanik ez haurrek dituzten behar fisikoei eta emozionalei aurre egiterakoan.
Gobernuek erronka honi aurre egiteko erabili duten beldur eta inposizioa estrategiaren aurrean, herritarrok ez gaude prest erantzukizun guztia hartu eta haiek idatziriko bideorrian jendartearen osasuna eta zaintza aintzat hartzen ez dituzten neurrietan parte hartzeko. Gure desadostasun eta atsekabea helarazi nahi dugu idatzi honen bidez, hiru asteren bueltan haur eskolen irekiera, jendarteak bizi dugun testuinguru zehatz honetan erabaki okerra dela ziur gaude.
Ezin baditugu ehuneko ehunean gure haurren eta hezitzaileon osasuna ziurtatuko dituen neurriak bermatu, ez gaude prest guztion ongizatea kolokan jar dezakeen erabaki hau onartzeko. Normaltasuneranzko bidea guztion artean erabakitzeko eskumena eta ahalmena aldarrikatu nahi dugu, nork bere apurra emanez herri hau, berriro herri izateko guztiok baitugu zer esana. Gure kasuan, hezitzaile eta herritar gisa, haur eskolen irekiera behartu eta goiztiar honen aurrean gure kezka azaleratu nahi dugu.
Guk argi dugu, herri bizigarri eta hezigarriaren bidean jarraituko dugu lanean.
Eli Etxabeguren Aranzabal (Oiartzungo Urmendi Haur Eskolako Irakaslea)
Ibintza Iragorri Iriarte (Oiartzungo Urmendi Haur Eskolako Zuzendaria eta Irakaslea)